Hirigintza elkartea desegiteko lehen pausuak eman ditu Arraia-Maeztuk

Juanma Gallego 2017ko urr. 1a, 12:00

Elkartearen eginkizunetako bat udalerriko industria lurzoruaren eta etxebitzen sustapena zen. | Irudia: Alea

Hil honetan bertako gerentea kaleratu dute, eta urtea amaitu baino lehen zehaztu nahi dute elkartearen etorkizuna.

Administrazio Kontseiluak izango du Arraia-Maeztu Hirigintzako eta Landa Garapenerako Sozietatea udal elkartea desegiteko azken hitza, baina azken asmoa elkartea ixtea dela aurreratu du Arraia-Maeztuko alkate Anartz Gorrotxategik.  

Araba Garapen Agentziarekin lurzorua saltzeko akordioa adostu dutela eta, elkartearen funtzio nagusienetakoa bertan behera gelditu dela azaldu du alkateak. "Agentziaren bitartez bezero gehiago eskuratzea espero dugu". Etxebizitzen salmentari dagokionez, dauden eskaerak oso puntualak direla nabarmendu du alkateak, eta, ondorioz, elkartearen beharrik ez dagoela uste du.   

Hilabete honetan kaleratu dute elkarteko gerentea. Une honetan bertan lan egiten duen peoiak lanean jarraitzen du. Zehazteko badago ere, etorkizunean langile horrek Udalarekin lanean jarraituko duela espero du alkateak, baina gai hori ere ixteke dago. Urtea amaitu baino lehen zehaztu nahi dute elkartearen behin betiko etorkizuna.

EH Bildu taldeko zinegotzi Ruth Ibisatek txalotu du Udalak emandako pausua, baina kezka ere agertu du prozesua egin den moduagatik. Udalean hainbat  galdera aurkeztu dituztela iragarri du.

Aspaldiko eskaera  

"Gure taldeak urteak daramatza elkartea bertan behera gelditzea eskatzen. Lan karga ezagatik eta ematen zituen zerbitzu asko Kuadrillatik ere ematen zirelako; hortaz,  bikoiztasuna ikusten genuen". Bestetik, gerentearen lan baldintzen inguruan ere ardura agertu du. "Hilabetero 1.700 euro kobratzen zituen aste bakoitzean goiz bat Maeztun egoteagatik. Ez genuen ikusten orekarik egindako lanaren eta soldataren artean". 

Bestetik, Udaleko idazkariak egindako idazki bat ekarri du gogora. "Ziurtagiri bat egin zuen, elkartea bera kolokan jarriz. Gainera, gaurko egoera ilegala da, sozietateak izan behar duelako gerente bat, eta hori ere jasota zegoen idazkariaren idazkian. Azkenik, ez dugu ulertzen zergatik orain dela sei hilabete elkarte hori beharrezkoa zen eta orain ez". 

OHARRA: Gaizki-ulertze bat dela eta, informazio honen paperezko bertsioan "2.700 euro" agertzen da, 1.700 beharrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago