Izkiko behatoki astronomiko berriak datorren larunbatean zabalduko ditu ateak, eta hori dela eta, ekintzez beteriko jardunaldia antolatu dute. Tartean, eguzki eta ilargi behaketak, haurrentzako tailerrak eta Javier Armentia Iruñeko Planetariumeko zuzendariaren hitzaldia izango dira.
"Izkiko parke naturalak argi kutsadura gutxien daukaten gaueko zeruetako bat eskaintzen du", adierazi du Josean Galera foru diputatuak. Hala, "aitzakia ederra eskainiko die arabar askori naturara hurbiltzeko, eta Izkiko biodibertsitatea ezagutu eta zaintzeko". Gainera, zientzia ikerkuntza eta zabalkunderako, eta astronomiaren misterioak eskola ikasleen nahiz pertsona helduen eskura jartzeko baliabide izango dela gaineratu du diputatuak.
Eraikina Korresko parketxearen lurretan kokatuta dago, interpretazio zentroaren parean, eta kudeaketa 'La Otra Mitad' elkarte astronomikoaren esku egongo da, Arabako Foru Aldundia eta Arraia-Maeztuko Udalarekim sinatu duen hitzarmena dela medio.
Eguzkiaren eta ilargiaren behaketak
Irekitze jardunaldia 17:00etan hasiko da, larunbatean, Javier Armentia Iruñeko Planetariumeko zuzendariak emango duen hitzaldiarekin. Aldi berean, astronomiarekin lotura duten tailerrak egingo dira haurrentzat, bai eta eguzki behaketak ere, mota guztietako ikusleentzat.
20.00etatik aurrera, Izkira heldu direnek ilargia hainbat ikuspuntutatik behatu ahal izango dute, teleskopio desberdinekin. Arratsaldean eta gauean, konstelazioak ikasteko tailerrak ere egingo dira, eta eskalazko eguzki sistema bat, planeta bakoitzaren tamaina eta ibilbidea hobeto ezagutzen lagunduko duena.