Uztailaren lehen astean hasi ziren lanak, eta udan zehar aritu dira beharginak azpiegitura berria osatzen. Hortaz, jadanik bukatuta dago Kanpezuko futbol-zelai berria. Ofizialki, urriaren 8an martxan jarriko dute azpiegitura berria, erregionaleko ligaren hasierarekin batera. Oraindik publikora zabalduta ez dagoen arren, herriko futbol taldea jada entrenatzen hasi da bertan. Apirilean egin zuten esleipenaren arabera, 280.000 euroko kostua izan du azpiegitura berriak.
Hilaren erdialderako espero dute FIFA Nazioarteko Futbol Federazioko ikuskariaren bisita. "Zelaiak FIFA Izar bateko klasifikazioa du, eta, horregatik, FIFAk egiaztatu behar du kategoria horren betekizunak asetzen direla", azaldu du Manu Muñoz zinegotziak. Portugaletik etorriko da auditore hori baloia botatzera eta belar artifizialaren ezaugarriak ikuskatzera. Besteak beste, belarraren trinkotasuna, erresistentzia klimatikoa eta baloiaren eta zelaiaren arteko elkarrekintza dira kontuan hartuko dituen faktoreak.
Lantaldea
Bitartean, eta zelaiaren erabilera egokia bermatzeko, lantalde bat osatu dute herrian. Besteak beste, ikastolako guraso elkarteko kideak, kirol arloan aritzen diren pertsonak eta herriko beste hainbat eragile bildu dira talde horretan.
"Batzorde horrek erabilera arauak finkatuko ditu eta denboraldia martxan jarriko du", adierazi du Muñozek.