Haize Gogorra kirol elkarteak urtero antolatzen duen BTT martxan parte hartzeko aukera itxita dago jada, aurreikusita zeuden 400 plazak bete dira eta.
Izkiko parke naturalean zehar izaten den martxa 25. ediziora heldu da aurten. Izena emateko epea urriaren 26ra arte irekita bazegoen ere, antolatzaileek parte-hartzaileen zerrenda itxi behar izan dute, aste honetan jakinarazi dutenez.
Txirrindulariek probaren egunean bertan eta bezperan ere jaso ahal izango dituzte maillotak. Antolatzaileek bi ibilbide zehaztu dituzte: zailtasun ertaineko ibilbide bat, 35 kilometrokoa, eta zailtasun handiko bigarren ibilbide bat, 55 kilometrokoa.