Berrituta dator Atauri Art jaialdiaren formatua

Mirian Biteri 2017ko ira. 8a, 07:12

Kale antzerkia, magia, zirkua eta elkarlaneko horma-irudia aurreikusten ditu egitarauak.

Gertu dute Mendialdean Atauri Art kultura eta arte jaialdiaren seigarren jardunaldia, eta aurreko edizioekin alderatuta, berrikuntzekin dator aurtengoa. Bi dira aldaketa nagusiak. Batetik, egitarauari hasiera eman aurretik, horma-irudia sortu dute Ataurin bertan. "Artea eta margolanaren inguruan herria elkartu nahi izan dugu", azaldu du Ruth Ibisate antolatzaileak.   

Abuztuaren 21ean hasi ziren hamabost bat lagun lan egiten; astebete eman zuten goizez eta arratsaldez jardunean. Azken ukituak, baina, egunotan eman dituzte. Horma-irudian hiru gai jorratzen dira: "Zati handiena Atauri Artentzat izan da, azken urteotako ikuskizunen irudiekin osatu dugu; bigarrenik, eskalatzaile baten irudia margotu dugu; azkenik, herrian aspaldi zegoen zubi bat ere irudikatu dugu", adierazi du Ibisatek. Pozik daude emaitzarekin: "Atauri bezalako herri batentzat oso esperientzia interesgarria izan da, 25 bizilagun gara eta hau bezalako ekimenik ez da inoiz egin", gaineratu du. Irantzu Lekue artista gasteiztarraren gidaritzapean egin dute lan guztia.

Abendura arte

Bestetik, orain arte Atauri Art irailean antolatu izan baldin bada, aurten erronka berria izan dute esku artean Arratiandi kultura elkartekoek eta Bapatean taldekoek: egitaraua abendura arte luzatzea. Hain justu ere, ostiralean, irailak 8, hasiko da, eta abenduan amaitu.

Egitaraua, osorik:

  • Irailak 8: 20:00etan, The Funes Troup zirku konpainiaren Funes Van, Ataurin.
  • Irailak 9: 18:00etan, Pez Limboren Mama Gallina antzezlana, Ataurin. Jarraian, 20:00etan, Quique Montoyarekin, Tornillo Magic Clown, Ataurin.
  • Irailak 10: 12:30ean, Malas Compañias antzerki taldearen Txatarra, Ataurin.
  • Irailak 17: 18:00etan, Bapateanen Baserriko porrusalda, Korresen.
  • Urriak 8: 12:30ean, Ataurin, Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa, Mariano Hurtado eta Nerea Ariznabarretarekin. Jarraian, tailerrak.
  • Azaroak 11: 20:00etan, Exit antzezlana, Maeztuko ludotekan.
  • Abenduak 16: 20:00etan, Chica King-Kong bakarrizketa, Ataurin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago