Arabako Batzar Nagusiek, Mendialdeko Kuadrillak eta Kanpezuko Udalak Haurreskolak Partzuergoari eskatu diote, egun indarrean dauden ratioak "malgutasunez" erabili ditzan, eta Kanpezuko haur eskola zabalik mantentzea bermatu dezan. Kanpezuko alkate Ibernalo Basterrak adierazi duenez, eskaera hau Arraia-Maeztuko haur eskolaren egoera kontuan hartuta ere egin dute.
"Herri txikietara jendea bizitzera ekarri nahi badugu, haur eskola bezalako zerbitzuak ezinbestekoak dira; arazoa ez dago bakarrik Kanpezun, Maeztun egoera berdinean daude. Arabako herri txikietan dagoen egoera orokorra da", ziurtatu du Basterrak. Ildo beretik jo dute Arabako Batzar Nagusiek, EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartuz: "Mendialdearen despopulazioari aurre egiteko, haur eskola bezalako oinarrizko zerbitzuak eskaintzeak balio estrategiko ukaezina du", esan dute.
Haurreskolak Partzuergoaren ratioei buruzko betekizun orokorrak jasotzen duenez, herrian haur eskola mantendu ahal izateko, irailean, gutxienez hiru ume matrikulatuta egon behar dira. Basterrak azaldu duenez, hurrengo ikasturtera begira dagoeneko hiru matrikula lortu dituzte, Maeztun eta Kanpezun hurrenez hurren, eta modu horretan bermatuko dute haur eskolek aurrera egitea. "Baina beldur gara; batzuetan irailean ez, azaroan edo abenduan matrikulatzen dira haurrak. Malgutasunez jokatzea nahi dugu, eta betekizun hori kentzea".
Inbertsioak onartuta
Garrantzitsua da Haurreskolak Partzuergoak irizpidea aldatzea, ez zerbitzua bermatze aldera soilik, baizik eta Kanpezuko Udalak aurreikusita dituen inbertsioek zentzua izan dezaten: "Udalak haur eskolaren aldeko apustua egin du; abuztuan berrikuntza txiki batzuk egiten hasiko gara, eta ixteko arriskua baldin badago ez du zentzurik obrak egiten ibiltzea".
Beste alde batetik, Arabako Batzar Nagusietan haur eskolen aldeko testua aurrera atera zuten iragan astean. Horretan, Batzar Nagusiek eskatzen diete Kanpezuko haur eskolaren zabalik izatearen ardura duten erakunde guztiei (Eusko Jaurlaritza, Haurreskolak Partzuergoa, Eudel, Mendialdeko Kuadrilla eta Kanpezuko Udala) norabide berean eta elkarrekin lan egin dezaten, Kanpezuko haur eskolak irekita jarraitzea bermatzeko.