Kanpezuko osasun zentro berria zabalduko dute ostegunean

Erredakzioa 2017ko uzt. 17a, 11:46

Mendialdeko Bernedo, Maeztu eta Kanpezuko 2.400 biztanle ingururi etengabeko arreta emango die.

Datorren ostegunean Kanpezuko Osasun Zentro berria martxan jarriko da, Mendialdeko osasun arreta hobetzeko asmoz. Azpiegiturak Bernedo, Maeztu eta Kanpezuko 2.400 biztanle ingururi etengabeko arreta emango die, asteburuetan nahiz jaiegunetan.

Osasun Sailak eta Osakidetzak 1.000.000 euro inguru inbertitu dituzte eraikuntzan. Hala, zentro berria Kanpezuko udalak utzitako orube batean eraki dute, eta hiru mailatan banatuta egongo da. Medikuntza Orokorreko, Pediatriako, erizaintzako, larrialdientzako eta behaketa eta tratamendurako kontsulta bana izango ditu. Gainera, jendea artatzeko gune bat, itxarongela bat eta egokitutako komunak egin dituzte. Era berean, sei pertsonentzat egokitutako igogailua du. Horrez gain, mugikortasun gutxituko pertsonentzat zein gaixoentzako ohatilentzat eta ebakuazioentzat irisgarria izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago