"Etorkizunera begira, jende gaztea erakarri nahi dugu"

Mirian Biteri 2017ko eka. 10a, 08:03

Zilarrezko ezteiak betetzen ditu aurten Kanpezuko Ioar kirol elkarteak. Iker Ozaetak ibilbidearen zein ekainaren 17rako prestatutako ekintzen berri eman du.

Dagoeneko 25 urte pasa dira Ioar kirol elkartea sortu zenetik. Nolakoa izan zen hasiera?
Xumea. Aitor Aginagak bultzatutako elkartea da; lehen urtean, zazpi jokalarirekin osatutako areto futboleko talde txikia atera zen. Denborak aurrera egin ahala, taldeak sortu ziren bestelako kirol jardueratan, hala nola, saskibaloian, eskubaloian eta baita pilotan ere. Gerora etorri ziren mendia, mendi bizikleta eta eskaladarekin lotutako arloak.

Goranzko joera izan du...
Hala da. Dena dela, gaur egun ez ditugu arlo guztiak mantentzen; mendi taldea, areto futboleko hiru taldeak eta mendi bizikletakoa daude. Horrez gain, eskalada arloa berreskuratzekotan gabiltza. Gaur egun, badago herrian eskaladarekin lotutako ekintzak antolatzen dituen taldea, eta harremanetan gabiltza.

Hortaz,  zenbat lagunek osatzen duzue elkartea?
200 lagun inguru ditugu kirola praktikatzen; boluntarioak gehitu behar zaizkio kopuru horri. Kanpezu bezalako herri batentzako, jende asko da hori. Mendi taldean, esaterako, 100 pertsonatik gora ditugu, areto futbolean 35 inguru, eta bizikletan beste 30 bat. Kanpezukoak dira gehienak, baina badaude hainbat ere kanpoan bizi baina udalerriarekin lotura estua dutenak.

Antolatzen dituzuen ekintzen artean, zeintzuk dira harrera onena dutenak?
Maiatza eta ekaina artean egiten ditugun mendi bizikleta martxa eta mendi ibilaldia; igandean, ekainaren 11n, dugu azken hau. Aurten, gainera, Euskadiko txapelketarako puntuagarria zen traila egin genuen lehen aldiz maiatza hasieran, eta horrek ere arrakasta handia izan zuen: Espainia osotik iritsitako 300 korrikalaritik gora izan ziren gurean.

Lan asko egongo da horien atzean, ezta?
Izugarria, baina emaitzak ikusita, merezi du. Gainera, azpimarratu behar da herriak asko laguntzen duela. Traila antolatzerakoan, esaterako, 120 boluntario izan genituen.   

Trailaren arrakasta ikusita, errepikatzeko asmoa duzue?
Bai, zalantza gabe. Luzerako izateko asmoarekin antolatu dugu. Mendi bizikleta martxa zein mendi ibilaldia dagoeneko errotuta daude, eta helburua da proba berri hau txertatzea gure egutegian.

Bestelako erronkarik al duzue esku artean?
Jende gaztea erakarri nahi dugu. Batetik, emakumeak geureganatu nahi ditugu, areto futbolean eta saskibaloian genituen taldeak berreskuratuz. Bestetik, saskibaloiari bultzada eman nahi diogu. Eta areto futbolean harrobi sendoa sortu.

Bestalde, 25. urteurrena ospatzeko eguna ere prestatu duzue.
Bai. Askotariko ekintzak izango ditugu: goizean garai bateko kirolarien arteko norgehiagokak eta Aurrera eta oraindik zehazteke dagoen beste talde baten partidua egongo dira. Dena dela, dena ez da kirola izango: herri bazkaria eta afaria eta dantzak ere izango dira, besteak beste.

 

Ekainaren 17ko egitaraua:

  • 10:00 Elkartearen historia osoko jokalarien arteko norgehiagokak, kiroldegian.
  • 12:30 Arabako areto futboleko bi taldeen arteko erakusketa partidua.
  • 14:00 Triki-poteoa Santikurutze Kanpezutik.
  • 15:30 Herri bazkaria. Okindegian, Aliprox eta Iturri tabernan daude txartelak salgai.
  • 19:00 Dantza plaza eta mota askotako dantzak Disko Arabaren eskutik.
  • 21:30 Zezen suzkoa.
  • 22:00 Herri afaria.
  • 00:30 Dantzaldia Disko Arabaren eskutik.
  • 05:00 Ahal izanez gero, berriz afaltzea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago