Berrikuntzekin dator Arraia-Maeztun hirugarrenez antolatu duten Poetak Maiatzean jaialdia. Zehazki, herriko erakusleihoetan poemak idatziko dituzte lehen aldiz. Ekintzaren berri eman du Maeztuko liburuzain Mamen Martinez de Apellanizek: "Gasteizen egiten dena geureganatu nahi izan dugu. Herriko saltoki ezberdinei beraien erakusleihoetan idazteko baimena eskatu diegu, eta ezin hobeto erantzun dute. Besteak beste, aurrezki kutxan, osasun zentroan, udaletxean, tabernetan eta dendetan idatziko ditugu poemak". Ostiral arratsaldean egin dute horretarako hitzordua, 17:00etan, pilotalekuan.
Larunbatean, errezitaldia
Aurreko edizioetan bezala, musika eta poesia errezitaldia eskainiko dute larunbatean, hilak 27, tokiko artistek. Hainbat emanaldi izango dira; bertso eskolako haurrek, esaterako, ipuina kontatuko dute bertsoen bidez, eta Mendialdeko Oihartzunak abesbatzak Gloria Fuertes izango du gogoan. Horiez gain, Birgara, Aletxa, Apinaiz eta Maeztuko artistek ere hartuko dute parte modu batean edo bestean. Maeztuko udaletxean izango da ikuskizuna, 18:00etan.
Maiatza osoan zehar, mintegiak, errezitaldiak, kontzertuak, ikusizko poesiaren erakustaldiak zein irakurketa herrikoiak antolatu dituzte bosgarrenez Araban; guztira, 60 ekintza poetikotik gora eta adin guztietako 500 parte hartzaile inguru. Maeztuko jarduerak daude tartean.