Pasa den maiatzaren 7ko Kanpezu-Ioar mendi maratoi arrakastatsuaren ondotik, bete-betean murgilduko dira eskualdean txirrindularientzako zein oinezkoentzako mendi martxen sasoian.
Igandean, maiatzaren 21ean, Pipaonen da hurrengo hitzordua. Kantauri mendikatean dauden inguruko pagadiak zeharkatzen dituen mendi bizikleta ibilaldia egingo dute. Egunean bertan eman behar da izena, proba hasi baino ordubete lehenago; 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak plazatik. Antolatzaileek jakinarazi dute 150 lagunentzat mugatu dutela 38 kilometro luze duen lasterketa.
Ioar bizikleta martxa
Handik astebetera, hilaren 28an, Kanpezun egingo dute kirolariek berriro ere geldiunea. Kasu honetan, Ioar bizikleta martxan. Hiru ibilaldi prestatu dituzte: 44 kilometrokoa luzeena, 40 bigarrena, eta 29 kilometrokoa motzena. Interesatuek aurretik eman dezakete izena www.kirolprobak.com atarian; egunean bertan ere apuntatzeko aukera egongo da aurreikusitako 200 plazak ez badira bete.
Egun berean, martxa herrikoia antolatu dute Izkiko parke naturalean. Korresko parketxetik 10:00etan aterako den ibilaldia hiru orduz luzatuko da. Telefonoz edo emailez eman daiteke izena.
Ekainaren 10ean, berriz, VI Eusko Bike Challenge hartuko du Santikurutze Kanpezuk. Eta ekainaren 11n, Ioar elkarteak antolatutako mendi ibilaldia egingo dute herri berean. Aukerarik, beraz, ez da falta.