Prestatze lanetan murgilduta dabiltza egunotan Maeztun, larunbateko Mendialdea Music Festivalen lehen edizioari azken ukituak ematen. Egun osoa iraungo du musika jaialdiak. Goizean, 11:30etik, publiko guztientzako ekintzak izango dira: Kanpezuko Ioar dantza taldeak egingo du aurkezpena, eta jarraian, Talde Gune musika eskolakoekin ikuskizuna eskainiko dute bertako haurrek. Ikastetxeko jolastokian izango dira emanaldiak.
Antzerkia ere izango da Ameztu Produkzioak konpainiaren eskutik; Rockeroak antzezlana taularatuko dute 12:30ean, gizarte etxean. Los Roturos jatetxean, berriz, Big Band Berrik girotutako bermuta egingo dute 13:30ean. Herri bazkariarekin emango diote amaiera egunaren lehen zatiari; paella prestatuko dute Zuk-aldari sukaldariek.
Jaialdiko tarterik garrantzitsuena, baina, arratsaldean iritsiko da, 18:00etan hasiko dira eta musika kontzertuak Noveno In Blues taldearekin; Izki jatetxean eskainiko du emanaldia.
Kontzertuak, debalde
Plazan izango dira gainerako beste kontzertuak, 19:00etan hasi eta gaueko ordu txikiak arte. Honako taldeak igoko dira agertokira: Bluenaticos, Free The Wheel, Cowboy Lovers, The Soulbreaker Company, Arenna, Entropia eta Las Grepas. Nabarmentzekoa da debalde direla emanaldi guztiak. Horrez gain, egun osoan zehar mendi azoka eta garagardo tailerra izango dira, eta talde argazkia ere aterako dute.
Musika zale asko espero dituzte larunbatean Maeztun, eta, hortaz, kanpalekua eta autokarabanak aparkatzeko guneak egokitu dituzte herrian bertan. Gainera, Mendialdeko Kuadrillak ere autobus zerbitzua antolatu du eskualdeko gainontzeko herrietatik Maeztura joango direnentzat zein Gasteiztik hurbiltzen direnentzat ere.