Indarrean da Arraia-Maeztuko onddo gunea

Mirian Biteri 2017ko api. 12a, 09:08

Isunak jartzen hasi aurretik, informazio eta sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan.

Denbora hartu dute Arraia-Maeztuko administrazio batzarrek onddo gunea sortzeko baina dagoeneko martxan dago. Pasa den larunbatetik, apirilaren 1etik, dago araudi berria indarrean. Hortaz, Mendialdeko udalerri honetara perretxiko bila doanak jakin dezala mugatuta dagoela jarduera hori.  

Hainbat tarifa ditu gune "sozial" honek: urteko abonuari dagokionez, udalerrian erroldatuta daudenek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta gainerakoek, berriz, 80 euro. Bestalde, eguneko txartela bost euroan dago salgai, eta astekoa, berriz, hogei euroan. Arraia-Maeztuko udaletxean, Korresko parketxean zein inguruko lau jatetxetan eskuratu daitezke horiek.

Arraia-Maeztu Udala administrazio batzarren proposamena kudeatzeaz arduratu da. Udaleko alkate Anartz Gorrotxategik azaldu du bi urte eta erdi eman dutela araudia prestatzen, eta helburu nagusia dela perretxiko bilketa mugatzea. Horrekin lotuta, zera azpimarratu du: "Mendia oso zabala denez ez du ematen jendea perretxiko bila hurbiltzen denean naturari kalte egiten dionik; baina, errealitatea bestelakoa da".

Gaineratu du, orokorrean, banaka edo joaten diren zaleek "praktika onak" dituztela eta talde handiak direla mendiari "kalte" egiten diotenak.

Dirua natura babesteko

Kuotekin jasotako dirua inguruak babestera bideratuko dela ere iragarri du Gorrotxategik. Besteak beste, basoak itxi edo jardunaldi mikologikoak antolatu dira horrekin, eta udaberrian eta udazkenean zaindari bat jartzearen aukera ere aztertzen ari direla jakinarazi du. Aldi berean, ibilgailuak herrigunetan zein Izkiko parkean sakabanatuta dauden guneetan utzi behar direla ohartarazi du alkateak, horrela dago eta jasota araudi berrian.

Gorrotxategik aipatu du hasiera batean ez dutela zigorrik jarriko: "Informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo dugu lehenengo".  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide