Arraia-Maeztuko Udalak bi proiektu ditu aurten esku artean. Batetik, eguneko zentroa zabaltzeko asmoa duela iragarri du; gaur egun zortzi lagunentzako tokia duen instalazioetako zerbitzu komunak handitu nahi ditu, tartean jantokikoa. Horrekin batera, psikomotrizitatea lantzeko edo askotariko erabilera izango lukeen aretoa egokitu nahi du.
Anartz Gorrotxategi alkateak gogorarazi du eraikinaren kanpoaldean jarduera fisikoa egiteko aparatuak badaudela, baina Mendialdean negua "oso luzea" dela, eta, hortaz, garrantzitsua dela barruan ere psikomotrizitatea jorratzeko gune egokia izatea.
Bestetik, herrian enpresen hazitegia jarri nahi dute martxan. "Lauzpabost bulego, bilera gela, sukalondo txikia eta komunak egingo genituzke Teleklubeko eraikinean. Hori guztia egokitu eta alokairu baxua ordainduta, inguruko autonomoek erabili ahalko lukete hazitegi berria", azpimarratu du alkateak.
Aurten 645.350 euro
Bata zein bestearen proiektua idazteko 11.000 euro gastatzea aurreikusten dute otsailean onartutako aurrekontuek; EAJko lau zinegotziaren aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin atera ziren kontuak aurrera. Guztira, 645.350 eurokoa izatea aurreikusi dute.
Aipatutakoaz gain, bestelako hainbat partida ere badituzte aurrekontuek; besteak beste, jaioberrientzako diru laguntzak mantentzea, ondarea berreskuratzeko auzolandegien programarekin jarraitzea eta turismoa sustatzeko inguruko natura baliabideak balorean jartzen ahalegintzea.