Ihuda ibaiko haitzuloekin hasiko dira irteera gidatuak

Mirian Biteri 2017ko mar. 9a, 11:05

Apirilaren 30era bitartean, zazpi ibilbide interesgarri antolatu ditu Mendialdeko Kuadrillak.

Udaberriarekin batera, natura eta ondarea uztartzen dituzten hainbat ibilaldi gidatu antolatu izan ditu azken urteotan Mendialdeko Kuadrillak. Aurten, igandean, martxoaren 12an, emango diote hasiera irteera sortari; Ihuda errekaren goiko arroko haitzulo artifizialak ikusteko aukera izango da egun horretan.  

Lehenengoa baino ez da izango kobazuloena; apirilaren 30era arte, beste sei antolatu dituzte eta. Martxoaren 19an, Igoroingo sakana bisitatuko dute parte-hartzaileek; eta hilaren 26an, berriz, Okinago haitzartea.

Apirilerako lau ibilaldi ditu prest eskualdeko kuadrillak. Apirilaren 2an, Izkiko parke naturalean dauden urmaelak, ameztia eta erkidegoak ezagutu ahalko dira; eta apirilaren 14an, Ostiral Santua, itzulia antolatu dute Soila menditik.

Handik bi egunera, Antoñanatik Vasco Navarro bide berdetik Aguaque inguruneraino  doan irteera gidatua egiteko aukera izango da; besteak beste, ur-jauziak ikusiko dituzte bisitariek. Apirilaren 30ean, azkenik, Done Bikendi Harana eta Santa Teodosia baseliza lotzen dituen ibilaldia izango da.

Plaza mugatuak

Mendialdeko Kuadrillatik jakinarazi dute irteera guztiak 10:00etan hasiko direla leku ezberdinetatik, eta hiruzpalau orduko iraupena izango dutela. Horrekin batera, gogorarazi dute plaza mugatuak direnez, aurretik eman behar dela izena Kuadrillaren egoitzan, 945-40 54 24 telefono zenbakian, edo info@montanaalavesa.com helbide elektronikoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide