Azkena Rock jaialdiaren aurretikoa aurkeztuko dute maiatzean, Maeztun

Mirian Biteri 2017ko ots. 19a, 08:36

Maiatzaren 13an egingo dute Mendialdea Music Festival; kontzertuak eta askotariko ekintza kulturalak izango dira egun osoa.

Mendialdea Music Festival. Horixe da maiatzaren 13an, larunbatez, Maeztuko herriak hartuko duen lehen musika jaialdiaren izena. Egun osoko egitarau interesgarria ari dira antolatzaileak prestatzen, musika kontzertuekin eta eskualdeko taldeek eskainitako bestelako ekintza kulturalekin.    

Mendialdean musika eskaintza zabaltzeko asmoarekin elkartu diren eskualdeko sei lagun dabiltza dena antolatzen; tartean, Maeztuko Karlos Cid dago. "Oso harrera ona izan du ideiak. Babesa lortu dugu: herriko okindegikoa eta jatetxeetakoa, Udalekoa eta administrazio batzarrekoa, Kuadrillakoa eta baita Diputaziokoa ere. Horrez gain, egun horretan lan egiteko prest dauden 50 lagunetik gora ere baditugu. Eskertzekoa da hori guztia".

Ekintzaz beteta egongo da Maeztuko herria egun horretan. Goizean, bertakoei eta familiei zuzendutako ekimenak izango dira nagusi. Kanpezuko Ioar dantza taldeak zabalduko du egitaraua, egun horretarako egokitutako dantza ikuskizunarekin. 

Musika eskola

Talde Gune musika eskolak ere parte hartuko du  maiatzeko rock jaialdian. "Orain arte musika ikasteko aukerarik ez dute izan eskualdeko haurrek; nik, esaterako, Agurainera eramaten nituen haurrak. Aurtengo ikasturtean, baina, zegoen eskaerari aurre egitea lortu dugu Talde Gune musika eskola gasteiztarraren laguntzarekin. Oraindik zehazteke badago ere, bertako ikasle horiekin zerbait egin nahi dugu maiatzaren 13ra begira", azpimarratu du Cidek.

Egitarauarekin jarraituz, eguerdira bitartean, Rock-eroak izeneko antzezlana eskainiko du Ameztu Produkzioak konpainiak; eta askotariko musika estiloetako kontzertua ere izango da Roturos jatetxean. Jarraian, herri bazkaria helduko da; Zuk-aldari sukaldariak arduratuko dira jatekoa gertatzeaz.

Bazkalostean, berriz, bateria tailerra izango da, eta 18:00etan, lehen musika kontzertua: Noveno In Blues talde gasteiztarrarena, Izki jatetxean. Bada, iluntzean hasiko da jaialdiaren zatirik indartsuena: musika emanaldiak. Honako taldeak igoko dira agertokira: The Soulbreaker Company. Arenna, Free The Wheel,
Entropia, Cowboy Lovers eta Bluenaticos. Gaueko ordu txikiak arte luzatuko da eguna.

Kanpatzeko gunea

Cidek azaldu du bertakoak ez ezik, kanpotarrak ere erakarri nahi dituztela, eta autokarabanentzako eta kanpatzeko eremuak egokituko dituztela horiei begira. Horrez gain, jakinarazi du herriko jatetxeetan ere eskaintza bereziak izango direla.

Aurtengoa hasiera baino ez dela izango ere aipatu du, jaialdiari jarraipena eman nahi diote eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide