Kanpezu-Ioar mendi maratoi erdiaren lehenengo edizioa Euskal Herriko Txapelketarako puntuagarria izango da. Maiatzaren 7an, igandea, egingo dute 25,5 kilometro luze izango duen lasterketa. Ibilbide horretan, besteak beste, Kodes mendilerroa zeharkatuko dute parte-hartzaileek, eta 1.416 metroko garaiera duen Ioar mendia ere igoko dute. Guztira, 1.800 metroko desnibela izango du esandako lasterketak.
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea, kanpezu-ioar.com webgunean; helduek 20 euro ordaindu behar dituzte; eta, gazteek, ostera, 15. Dortsalak larunbatean, maiatzaren 6an, 18:00etan, jaso ahalko dira Santikurutze Kanpezuko kultura etxean, eta egunean bertan, 08:00etatik, toki berean.
Helduen lasterketa 10:00etan hasiko da plazatik, eta junior eta kadeteena, ordu laurden beranduago. Itxiera, berriz, 14:00etan izango da; eta sari banaketa, ordu erdi beranduago. Emakumezko zein gizonezkoentzako hiruna sari banatuko dira. Jarraian, herri bazkaria egingo dute Santikurutze Kanpezun.
Bizikleta martxa
Mendi maratoi erdia ez da maiatzean Kanpezu aldean antolatuko duten kirol proba bakarra. Egunotan ezagutarazi dute maiatzaren 28an izango dela aurten XVIII Ioar bizikleta martxa. Txirrindularien artean harrera oso ona duen martxa da hori; pasa den urtean, esaterako, 200 lagunentzat zegoen mugatuta proba.