Bide berdearen tarte berria zabaldu dute Antoñanan

Naiara Lpz de Uralde 2016ko aza. 24a, 09:27
Ega ibaia gurutzatzen duen zurezko pasabide bat inauguratu dute. | ALEA

Hiru hilabete egon dira obra lanak egiten, eta guztira 237.591 euroko kostua izan dute.

 

Aldundiak Antoñana herritik zehar igarotzen den Vasco-Navarro trenaren bide berdearen tarte berria zabaldu zuen pasa den ostiralean. Inaugurazio ekitaldian, besteak beste, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Josean Galera Ingurumen saileko foru diputatua, eta Mendialdeko udaletako eta kontzejuetako ordezkariak izan ziren. 

Obra honen helburu nagusia ibilbide berdeak daukan gune arriskutsuenetako batekin amaitzea izan da, orain arte txirrindulariek eta oinezkoek bazterbiderik ez duen eta oso estua den A-3136 errepidea gurutzatu behar baitzuten. 

Egun, ordea, arazo honi aurre egiteko lurpeko pasabidea eta Ega ibaia gurutzatzen duen zurezko igarobide bat eraiki dituzte. Bi azpiegitura hauek ezinduentzat, gurpildun aulkientzat eta haur kotxeentzat egokitu dituzte. Gainera, bideari erantsi zaion adar berriari esker, Antoñana herria ere ibilbidearen barruan sartzen da. 

Obrek, guztira, 237.500 euro baino gehiagoko kostua izan dute, eta gastuen %50a Egef Europako funtsak finantzatu du.

Turismoan erreferente 

Inaugurazio ekitaldian, Ramiro Gonzalezek Foru Aldundiaren asmoetako bat Arabako lurraldea "turismo berdearen erreferente" bihurtzea dela azpimarratu du. "Arabak ahalmen handia du naturaren turismoan, eta bide berde hau horren erakusgarri da, Estatuko luzeenetariko eta erakargarrienetariko bat delako", nabarmendu du. Izan ere, Vasco-Navarro ibilbideak 240.000 txirrindulari eta oinezko erakartzen ditu urtero.

Halaber, Gonzalezek beste lurralde batzuetatik datozen turistentzat Mendialdeak eta bere inguruak duten xarma gogoan izan du. "Vasco-Navarro bidea aukera paregabea da zonaldea ezagutzeko, bai oinez bai bizikletaz. Hala ere, zalantza izpirik gabe, bertako txokoak, herriak eta bizilagunak dira gure erakusleihorik onenak", adierazi du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide