Maeztura eta Kanpezura iritsiko da aste bukaeran Bizilagunak egitasmoa

Mirian Biteri 2016ko aza. 17a, 09:34

Etxeetan elkartu beharrean, herri bazkaria egingo dute; jai giroan igaroko dute igandea.

Mendialdeko Kuadrillak bat egin du lehen aldiz "Bizilagunak, alboko familia" izeneko ekimenarekin. Bertakoak eta errefuxiatuak edo migratzaileak diren familiak mahaiaren bueltan elkartzean da egitasmoaren helburua, kultura ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzeko.

Orain arte, Araba mailan, Gasteizen baino ez da egin ekimena; aurten, baina, Aiara, Lautada eta Mendialdera zabaldu egin dute. Azken eskualde horretako udalerrietan izan ezik, gainerakoetan pasa den igandean, azaroaren 13an, egin zituzten bazkariak; CEAR-Euskadi elkarteak eskainitako datuen arabera,700 lagunetik gora parte hartu  zuten horietan.

Kanpezuko San Martin azoka zela eta, ordea, Mendialdeko hitzorduak oraingo asteburura atzeratu dituzte; hain justu ere, igandean elkartuko dira Kanpezun eta Maeztun Euskal Herriko eta askotariko jatorriko familiak, hala nola, Maroko, Portugal, Israel, Eskozia, Alemania edo Kubatik iritsitako lagunak.

Formatua ezberdina

Familiak bataren edo bestearen etxean elkartuko dira; elkarrekin egon, elkar ezagutu eta elkarri buruz izan ditzaketen aurreiritziak eta estereotipoak desegitea da helburua, antolatzaileen esanetan. CEAR-Euskadiko Virginia Cidek azaldu duenez, formatu ezberdina erabiliko dute Mendialdean, herritarrek hala eskatuta. "Jai kutsua eman nahi izan diote ekimenari; bereziki, Maeztun. Etxeetan egin beharrean, Teleklubean herri bazkaria egitea proposatu dute. Ideia ona iruditu zaigu. Dena dela, mahai txikiak antolatuko dira kultura desberdinetako familiak elkar ezagutzeko".

Oso harrera ona izan du egitasmoak; Maeztu zein inguruko herrietako 70 lagun inguru elkartuko dira eta. Familia bakoitzak etxetik eramango du janaria eginda, eta Teleklubean bazkalduko dute.

Kanpezun ere talde bazkaria egingo dute 30 bat parte-hartzailek ermitako txokoan. Maeztun ez bezala, Kanpezun badute sukaldean ibiltzeko aukera, eta hortaz, nahi dutenek bertan prestatu ahalko dituzte jakiak.

Musika, tea eta tailerrak

Maeztun jai giroan pasako dute eguna; bazkaria ez da izango egingo duten ekintza bakarra. Goizean, 11:00etan, egin dute hitzordua pankartak egiteko eta topalekua behar bezala prestatzeko, eta 13:00etan, kalejira egingo dute herriko kaleetatik, swing ikuskizuna eskainiz.

Bazkalostean, tea prestatuko du Marokoko kolektiboak. "Zurrumurru xenofoboen oinarria izaten duten aurreiritziak desegiteko aukera izango dute eztabaida horretan", nabarmendu nahi izan du Cidek. Etxeko txikienek, bitartean, tailerrak izango dituzte; pankarta handi batean, esaterako, Izan bizilagunak leloa idatziko dute Teleklubean ordezkatuta egongo diren lagunen hizkuntzetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide