Bideoan jaso dituzte Mendialdeko hainbat emakumeren bizipenak

Mirian Biteri 2016ko urr. 14a, 09:44
Martxoaren 8aren inguruan, Lamingorriak elkarteak Kanpezun egin zuen agerraldia.

Lamingorriak emakumeen elkarteak urriaren 22rako antolatutako jardunaldi feministan aurkeztuko dute ikus-entzunezkoa.

Arraia-Maeztuko herriak hartuko du urriaren 22an Lamingorriak Mendialdeko emakume elkarteak antolatutako lehen jardunaldi feminista. Egun osoko egitaraua prestatu dute, emakumearekin lotutako askotariko gaiak plazaratzeko asmoarekin.   

Uxue Lopez de Luzuriaga yoga irakasleak eskainiko duen autokontzientzia praktika saioarekin hasiko da eguna; barruko emozioak jorratuko dituzte bertan. Jarraian, Mendialdeko sei emakumeren testigantzak jasotzen dituen bideoa aurkeztuko dute. Onraita, Kanpezu, Urbisu edo Lagrango emakumeak dira, besteak beste, ikus-entzunezko horren protagonistak; bere bizipenak azaldu dituzte horretan.  

Kurdistango emakumeak

Nazioarteko emakumeen egoera ere landuko dute Arraia-Maeztun: hain justu, Kurdistango emakumeen borrokaz jardundo du Ane Belategik goizeko kafe tertulian. Horren ondotik, Zuriñe Baztanek gorputz eredu ezberdinez hitz egingo du ipuin eta hitzaldi bana bidez. Aniztasun politikak sortzen dituzten gorputzen berri emango du Gasteizen bizi den iruindarrak.

Bazkaltzeko ordua helduko da jarraian; bazkari begetarianoa prestatuko dute. Interesa dutenek 665 72 77 13 edo 665 72 25 50 telefono zenbakietara deitu behar dute urriaren 21a baino lehen; 12 euroan salduko dira txartelak.

Arratsalde partean ere badago zer jorratu. Lehen ordurako, nekazaritzan dauden eredu ekonomikoen berri emateko mahai ingurua antolatu dute. Ardogintza ekologikoa egiten duen Esti Besak, produktu ekologikoetan aitzindari Arantza Arrienek eta Garaiongo Amaia Gabilondok bere egitasmoak azalduko dituzte, baita horiek garatu ahal izateko bidean topatu dituzten zailtasunak ere. Hausnarketarako denbora ere izango da: Kattalin Minerren eskutik, Feminismoaren inguruko hausnarketak izeneko tertulia dago.

Iluntzearekin batera iritsiko da aisialdia. 20:00etan, Kanpezuko hainbat emakumek osatutako taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du; horrez gain, afari-poteo beganoa ere egin ahalko dute parte-hartzaileek. Musikari dagokionez, Las Tuerkas, Orbana eta DJ Ziorren emanaldiek emango diote amaiera egunari.

Lamingorriak emakume elkarteko Rebeka Gonzalez de Alaizak gogorarazi du jardunaldi "irekia" dela, eta, hortaz, parte hartzeko deia egin du. Horrekin lotuta, eguna "plazaratzeko" helburuarekin, ekintza guztiak Maeztuko plazan egingo dituztela iragarri du.

Egitaraua, ekintzaz ekintza:

  • 10:30 Autokontzientzia praktika.
    11:00 Mendialdeko emakumeen gaineko bideo aurkezpena.
    11:30 Kafe tertulia
    12:30 Ipuin kontalaria eta hitzaldia.
    14:30 Bazkari begetarianoa.
    16:00 Mahai ingurua.
    18:00 Hausnarketarako gunea.
    20:00 Afari-poteoa, dantza emanaldia eta kontzertuak: Las Tuerkas, Orbana eta DJ Zior.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide