Maeztuko ikastolak berrituta ekin dio kurtsoari

Naiara Lpz de Uralde 2016ko irailaren 15a

Eraikineko ateak aldatzeaz gain ke-detektagailuak ere jarri dituzte

Udako oporraldia aprobetxatuz, haurreskolan ere hainbat hobekuntza egin dituzte

 

Arraia-Maeztu ikastolako ikasleek inoiz baino urduriago ekin diote ikasturte berriari. Izan ere, klasekideekin, irakasleekin edota bestelako lagunekin berriro topatzeaz gainera, aurten ikastolako eraikinean egindako obren emaitza ikusteko irrikan izan dira. 

Eraikinean egindako hobekuntza nagusia ikasgelen eta bestelako bulegoen ateen aldaketa izan da. Halaber, irakasleek erabiltzen dituzten komunak berritu dituzte, eskailera seguruagoak eta erosoagoak paratu dituzte, berogailua aldatu dute eta argiztapen osoa ere berritu dute, kontsumo baxuko argiak jarrita.

Haurreskolako lanak

Baina ikastola ez da udako hilabete hauetan zehar berriztu duten eraikin bakarra. Izan ere, haurreskolan ere hainbat aldaketa egin dituzte erabiltzaile guztien erosotasuna bermatzeko. Hobekuntza horien artean, besteak beste, ikasgelak handitu eta sabaian ke-detektagailuak kokatu dituzte. Hala, bi eraikin hauen irisgarritasuna hobetu dute eta ikasleen zein irakasleen zerbitzuak hobetu dituzte, ikastolatik jakinarazi dutenez.

Guztira, 200.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izan dute azken asteetan egindako lan hauek egin ahal izateko. Arraia-Maeztuko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza ekonomikoarekin ordainduko dituzte lanak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago