"Gurasoek Antoñanarekiko transmititu didaten maitasuna jaso dut liburuan"

Mirian Biteri 2016ko uzt. 28a, 07:00

Antoñana, en cuerpo y alma izeneko argitalpena kaleratu berri du Koldo Berruete antoñanarrak. Bertakoei zuzendutako liburua da hori, bertatik pasa diren "herritarrekin gogorarazteko" asmoa duena

Irakurtzeko erraza den liburua egiten eman ditu azken bi urteak Koldo Berruete (Antoñana, 1964) irakasleak. Bere herriko bazterren eta txikitako oroitzapenen gaineko testuak jaso izan ditu horretan, Txomin Cidek eta Aitor Arenazak egindako argazki ederrez lagunduta. Herritarren babesa izan zuen liburuaren aurkezpenean.

Duela gutxi Antoñana en cuerpo y alma aurkeztu zenuen Kanpezun. Zer topatu du irakurleak argitalpen honetan?
Oso liburu laburra da, 56 orrialde ditu. Alde batetik, testuak topatuko ditu; eta bestetik, argazkiak. Azken horietan herriko pasaiak, bazterrak, etxeak, eliza edo baseliza agertzeaz gain, herritarrak ere agertzen dira; erretratuak eta taldeak, denetarik. Testuei dagokionez, batetik, poemak topatuko ditu irakurleak, oso xumeak eta erraz irakurtzekoak. Horrez gain, bi ipuin luze eta kontaketak ere sartu ditut; azken horietan nire txikitako oroitzapenak eta pasarteak jaso ditut.  

Zergatik horrelako liburu bat?
Antoñanakoa naiz ni. Gurasoek beti transmititu didate herriarekiko eta bertakoekiko maitasuna. Antoñana nire bizitzako zutabe garrantzitsua da. Bestetik, aipatu beharra dago idaztea izugarri gustuko dudala, eta Antoñanari buruzko gauza asko idatzi eta gordetzen joan naiz. Orain dela urte pare bat edo buruari bueltan ematen hasi nintzen; testu horiekin liburuxka bat egitea erabaki nuen.

Nolakoa da Antoñana?
Arabako beste hainbat herriak bezala, txikia da. Kanpora begira, itxiak dira bertakoak; bada, sartu bezain laster, dena ematen dutenak dira. Barrura begira, herri xumea eta langilea da; gure artean ondo konpontzen den herria; elkar laguntzen saiatzen dena. Eta, hain justu ere, hori izan da liburuan irudikatu nahi izan dudana.

Testuak eta, aipatu bezala, horiei lotuta doazen argazki ederrak ere baditu liburuak. Laguntza izan dugu horretan?
Bai. Irudiak Txomin Cidek eta Aitor Arenazak egin dituzte. Egia esan, dena jarri dute zeregin horretan. Nik, gutxi gorabehera, banekien ze argazki mota nahi nituen, eta herritarrak zelan egon behar ziren kokatuta. Baina, esan beharra dago oso argazki politak egin dituztela. Bestetik, Lotas enpresak liburua diseinatu egin du, eta horrek erakargarriagoa egiten du.

Testu guztiak zureak al dira?
Ez. Bat Felipe Marquinez antoñanarrarena da. Berak beti kontatu izan dizkit bizi izandako gauza asko, eta hortaz, bere bizipenen gaineko testutxo bat idazteko eskatu nion. Oso gazte hasi zen bera artzain bezala lan egiten, eta liburuan bizipen hori jaso du. Esther bikoteari ere bigarren bat idazteko esan nion. Bera kanpokoa da, bertan bizi dela 20 urtetik gora pasa badira ere. Hasierako Antoñana eta gaur egungoa zelan ikusten dituen jasotzeko eskatu nion. Oso testu polita idatzi zuen euskaraz. Erdarara ere itzulita dago hori, bertako gehienek gaztelaniaz egiten dutelako. Azkenik, semeari bertsoak gustatzen zaizkiola aprobetxatuta, Soila mendiari buruzko hainbat bertso idazteko esan nion. Horiek ere erdarara daude itzulita.

Herriari buruzko liburua egiteko asmoa zenuela azaldu zenuenean, zelan hartu zuten bertakoek?
Prozesua, esan bezala, luzea izan da; bi urte inguru eman ditut horrekin. Baina, asmoa azken momentuan zabaldu da, argazkiak ateratzen hasi garenean. Bakar batzuk kenduta, jendea pozik atera da irudietan, gustura. Asmoa zabaldu zenean, ikusmina sortu zen herritarren artean. Bestetik, aipatu beharra dago laguntza izan dudala. Ateak jo ditut eta Kanpezuko Udalaren, Antoñanako Administrazio Batzarraren, San Mateo elkartearen eta Aguaké emakume elkartearen artean diru laguntza jaso dut.   

Liburua dagoeneko salgai dago, ezta?
Bai, hala da. Kanpezuko Udalan topatu daiteke, batetik; Antoñanako tren geltoki zaharrean ere badaude, eta baita San Mateo elkartean ere. Nik neuk ere baditut.

Asko saltzea baino, asmoa da etorkizunera begira herri baten ekarpena jasotzea, ezta? Zein da helburua?
Horixe bera. Herriko jendeari zuzenduta dago, eta ni asmo horrekin egin dut. Dena dago Antoñanari begira. 20 edo 30 urte barru, aititaren argazkia ikusteko aukera izatea eskaini nahi diot herriari. Hemendik pasa diren herritarrekin gogorarazteko liburua da. Argazkiez gain, testuetan, esaterako, aipatzen ditut ni txikia nintzela ezagutu eta ondoan izan nituen pertsona asko. Lehengo eta egungo Antoñana. Niri transmititu didatena ondorengoei transmititzen saiatu egin naiz. Esan bezala, hemen bizi izan naiz beti. Gaztea nintzela, Gasteizera joan behar izan nintzen ikastera eta aukera izan dudanean, itzuli egin naiz, hiriburuan lan egiten badut ere. Egunero egiten dut joan-etorria. Hemen osatu dugu familia. Gure bizitzaren zutabe garrantzitsua da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide