Israelen kontrako mozioa bertan behera utzi du Kanpezuk, salaketa bategatik

Anakoz Amenabar 2016ko uzt. 15a, 10:13
Palestinari elkartasuna adierazi diote Kanpezuko zinegotziek. /Alea

Prozesu judiziala ekonomikoki "bideraezina" izan daitekeela argudiatu dute Udaletik.

Joan den ekainaren 7an Kanpezuko Udalak BDZ kanpainarekin (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) bat egin eta atxikimendua mozio bidez onartu ostean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du Espainiako ACOM Israelgo interesen defentsarako elkarteak. Mozioa onartu eta astebetera udabaltzan onartutakoaren aktak eskatu zituen elkarteak eta aste honetan heldu da mozioa bertan behera uzteko eskaera.

Udaleko alderdi guztien babesarekin aurrera atera zen ekainean Israelen kontrako boikot mozioa –Kaixo plataformaren 5 zinegotziek eta EAJren 4 zinegotziek eman zioten babesa-, baina bertan behera uztea erabaki zuten atzo egin zuten premiazko udalbatza batean; EAJren 4 zinegotziek bertan behera uztearen alde bozkatu zuten, Kaixoko lau zinegotzi abstenitu egin ziren eta alderdi bereko beste batek alde bozkatu zuen. Halako prozesu judizial batek izan dezakeen gastua Kanpezuko Udalarentzat "bideraezina" izan daitekeela argudiatu dute. 

Baliogabetutako mozioarekin udalerriak Israelekin harreman oro bertan behera uztea zuen helburu:  "Israelgo erakundeekin, haren ordezkariekin zein haren apartheid politikak sustatzen dituzten erakunde edo norbanakoekin balizko edozein harreman eten eta galarazi egiten du, dela arlo administratiboan, dela ekonomia arloan, dela kultura arloan". Arabako lehen udalerria zen Palestinarekin elkartasunean eta Israelen aurka era honetako akordioa onartzen zuena. Aurretik, Sakana, Baztan, Igorre eta Zestoako Udalek onartu zituzten mozioak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide