Arbustok-en eskutik, festa giroan murgilduko da larunbatean Korres

Mirian Biteri 2016ko uzt. 14a, 12:00

Urteroko ekintzak izango dituzte: tartean, gaztelura igoera, talo tailerra, bazkaria, batukada, dantza plaza eta kontzertuak.

Esan bezala, ez dago berrikuntza aipagarririk aurtengo egitarauan. Goiz parterako txangoa antolatu dute; betiko moduan, Korresko gaztelura igoko dira familia giroan, eta hara heltzean, antzezlan berezia izango da. Gustavo Valencia antolatzaileak iragarri du aurtengo emanaldiak abuztuan bertan hasiko diren lanekin lotura izango duela.

Herrira jaitsiko dira jarraian, taloak prestatzen hasteko. Aurten ere salgai jarriko dituzte tailerrean egindakoak; umeentzako euro batean, eta nagusientzako, berriz, bi eurotan banatuko dira. Korresko kaleetan barrena egingo den herri bazkarian, bestalde, 170 lagun inguru elkartuko direla jakinarazi du Valenciak.

Trontza tailerra

Arratsaldean ere badago zereginik. Lehenengo orduan, trontza tailerra izango dute etxeko txikienek; egur zatiak margotuko dituzte, besteak beste. Jarraian, iaz harrera ona izan zuen batukada emanaldia errepikatuko dute, eta dantza egiteko aukera ere ez da faltako.

Gauak luze joko du, iluntzean hasi eta goizeko ordu txikiak arte luzatuko diren kontzertuei esker. Horren bueltan, Valenciak azaldu du txosna jarriko dutela, eta besteak beste, hanburgesa beroak egingo dituztela han.

Gaineratu du aurten ere kanpalekua egokitu dutela, herrian bertan lo egiten geratu nahi direnentzako.  

Egitaraua, orduz ordu

  • 10:30: Korresko gaztelura igoera.
  • 13:00: Talo tailerra.
  • 15:00: Herri bazkaria.
  • 17:00 Txikientzako tailerra, batukada eta Dantza Plaza.
  • 20:00 Musika kontzertuak: Trikoma, Motto, Maldan Behera eta Loro disko jartzailea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide