Langabetuen datu basea osatzen dihardute Kanpezun

Mirian Biteri 2016ko ekainaren 10a

Udalerriko herritarren artean enplegua sustatze aldera, egitasmo berria jarri du martxan Kanpezuko Udalak.

Langabezian dauden lagunen profilarekin udal datu basea osatzeko asmoa agertu du; apirileko datuen arabera, 59 herritar daude lan barik (%9,8).    

Kanpezuko alkate Iber Basterrak jakinarazi duenez, helburua ez da lan poltsa bat osatzea, baizik eta Lanbide zerbitzuaren eta udalerriko langabetuen artean bitartekari lanak egitea eta "gertuko" irtenbideak aztertu ahal izatea.  

Enplegua eta formazioa
Dagoeneko lehen urratsa egin dute, apirilaren 17an egindako batzarrarekin. Bertan honakoa azaldu zieten udal ordezkariek lan gabe daudenei: "Asmoa da bide zuzena eratzea lanik ez duten kanpezuarren eta Udalaren artean; formazio eta lan profilak eskura izatea. Eta lanposturen bat sortuko balitz, datu basera erabili ahalko litzateke". Horrez gain, formazio ikastaroetarako eta laguntzetarako ere izango da erabilgarria.

Basterrak azaldu du datu basea osatzen dabiltzala orain, eta udako oporren ostean bigarren batzarra deituko dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago