Korresko asfaltoen lantegia zaharberrituko dute udan

Mirian Biteri 2016ko ekainaren 9a

Uda parterako Korresen dagoen asfaltoen fabrika zaharrean indusketa lanak egiteko gazteentzako auzolandegia antolatu dute. Zabalik dago egunotan horretarako izen-ematea.   


Izki parke naturalaren erdian dago San Ildenfonsoko eta Gustaldapako lantegia. XIX. mendean hasi zen bertan asfaltoen lantegiko jarduera; hain zuzen, 1.858. urtetik 1.913ra bitartean egon zen martxan. 55 urte horietan, Espainiako estatuko asfalto-ustiategi handiena izan zen, meategi-eraikinez eta ogiaren eta asfaltozko harlauzen lantegiez osatuta: zortzi eraikin ditu. XIX. mendeko industria-ondarea lehengoratzea du helburu proiektu horrek.

Hain justu ere, honako ekintzak egingo dituzte gazteek, arkeologo baten gidaritzapean: indusketa arkeologikoa hiru gela handitan (30 metro koadro ingurukoa da bakoitza) hondakinak kentzeko; aurkitutako egiturak sendotzea, zaharberritzeko teknikak erabiliz; lurzoruak estaltzea, kontserbatu ahal izateko; eta seinaleak jartzea. Azken horren bueltan, kartela jarriko da eraikinaren sarreran, eta bisitan zehar zehaztapenak, azalpenak emanez.

Txandak
Bi txanda antolatu dituzte: uztailaren 4tik 18ra bitartean, lehena, eta uztailaren 18tik abuztuaren 1era, bigarrena. Lau plaza eskaintzen dituzte txanda bakoitzean. Horren gaineko informazio gehiago nahi dutenek gazteria-auzolandegiak@euskadi.eus helbide elektronikora idatzi dezakete, edo 945 01 95 01 edo 945 01 95 36 telefono zenbakietara deitu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago