Kanpezuko Mendialdea IPI ikastetxeko urteroko jaialdia izango da larunbatean, maiatzaren 21ean. Suziri jaurtiketarekin hasiko da egun osoa iraungo duen festa, 11:30ean; ikasturtean zehar eskolan egindako eskulanak ikusi ostean, batukada egingo dute herriko plazaraino umek zein gurasok.
Herri bazkariaren ordua heldu bitartean, askotariko ekintzak izango dituzte bertan; tartean, bidezko merkataritzari buruzko ginkana, umeentzako zeramika tailerra edo Lehen Hezkuntzako ikasleek eta gurasoek Bigarren Hezkuntzako neska-mutikoen kontra jokatuko duten futbol partidua.
Guzti horren ondotik, 14:00etan, bazkaltzen hasiko dira toki berean 150 bat lagun inguru. Horren harira, jaialdia antolatzeaz arduratzen den guraso elkarteko kide Maite Fernandezek eskerrak eman nahi izan dizkio modu batean edo bestean bazkaria aurrera ateratzen lagundu duten herriko komertzio guztiei.
Bazkaldu ostean, malabare ikuskizunaz gozatu ahal izango dute festan parte hartzen dutenek eta gorputza astintzeko aukera ere izango dute haurrek nahiz helduek, 18:00etatik 20:00etara bitartean, plazan egingo dute disko festarekin. Aspertzeko astirik ez dute izango Kanpezun.