Ostiral arratsaldeak sakratuak dira Santikurutze Kanpezuko eta inguruko herrietako emakume taldearentzat; izan ere, azken urteotan astero astero elkartzen dira hamar bat lagun puntua egiteko.
Dagoeneko zortzi urte inguru pasa dira ikastaroa martxan jarri zenetik. Elena Ortiz de Urbina irakasleak gogorarazi du orain dela hainbat urte foruak gogorarazteko jaialdi berezia antolatu zela Santikurutze Kanpezun, eta egun horretarako jantziak egin zituela herri osorako, beste lagun batekin batera."Askotariko ekintzak izan ziren egun horretan; tartean, antzezlana elizan. Herri osoak dotore jantzita parte hartu zuen. Ederra izan zen eguna", gogorarazi du Ortiz de Urbinak. Festa hori abiapuntu hartuta, joskintza tailerra antolatzea erabaki zuten.
Tere Saez de Ugarte
Herriko emakume edadetu baten laguntza izan zuten zeregin horretan; besteak beste, harizko tapizak, xalak edo jaioberrientzako kanpaitxoak egiten trebea den 85 urteko Tere Saez de Ugarte, hain zuzen ere. Orain dela urtebete utzi zion tailerrera joateari, kosta egiten zitzaiolako gaur egungo joskintza jarraitzea. "Gurekin ez, baina etxean oraindik ere puntua egiten du; ederrak dira, esaterako, dantzarientzako egiten dituen galtzerdiak", azpimarratu du Ortiz de Urbinak.
Esan bezala, ostiral arratsaldean bi ordu inguru ematen dituzte kultura etxeko gela batean. Denera, hamalau emakume badira ere, gutxitan elkartzen dira guztiak; hamar bat batzen dira astero. Ortiz de Urbinak gorarazi nahi izan du irekia dela ikastaroa, eta hortaz, edozeinek parte hartu dezakeela, baita gizonezkoak ere. "Azken horiek ere ongietorriak dira, baina ez dira animatzen", azaldu du.
Bakoitzak nahi duena egiten duela azpimarratu dute partaideek. Askotariko jantziak dituzte esku artean, hala nola, jakak, berokiak edo umeentzako soinekoak eta zakuak. Hasiberriak direnei jarraitu beharreko pausuak azaltzen dizkie Ortiz de Urbinak, etxean patxadaz egin dezaten. Dagoeneko gutxieneko ezagutza dutenek aldizkarien jarraibideekin ere ausartzen dira. Irakaslearen arabera, "helburua da aldizkariez baliatuta jantzia egiteko gai izatea".
Behin eta berriz desegin
Bestalde, puntu egitearen gakoan bat egin dute irakasleak zein ikasleek: "Lasaitasunez hartu behar da; presaka ez zoaz inora. Akatsen bat baldin badago, ez duzu inolako erreparorik izan behar egindakoa behin eta berriz desegiteko. Erretiratu berri naiz eta Tere Aldaren bitartez, orain dela hilabete hasi nintzen puntua egiteko saio hauetara etortzen; behin eta berriz desegiten dut egindakoa; bestela, jai duzu", adierazi du Urbisoko Mariluz Gallegok.
Beste bi ikastaro
Puntua egiteko ikastaroaz gain, jantzigintza eskolak ere ematen ditu Ortiz de Urbinak. Larunbata goizean dira horiek; partaide asko batera zein bestera joaten dira. "Normalean, aldizkariak erabiliz, mozte lanak egiten dizkiet eta jantziak egiten erakusten diet. Denetarik egin dugu hemen ere; esaterako, prakak moztetik oherako zorroak edo neska jantziak egitera iritsi gara; pentsa, orain ezkontza baterako soineko batekin gabiltza; eta ez doa batere txarto", jakinarazi du.
Puntua egitearena ez da ostiral arratsaldean elkartzen den talde bakarra; ondoko gelan ehoziri-lanak eta bainika ikastarokoak daude. Pili San Vicentek gidatzen du esandako taldea.