Itxura berria estrenaituko du Bernedoko aterpetxeak

Mirian Biteri 2016ko api. 7a, 09:30

Bernedoko Udalak bertako aterpetxeko kanpoaldea konpontzeko obren deialdia argitaratu du. Lanek lau hilabeteko iraupena izango dute; ekainean hasi eta urrira bitartean.

Udaletik gogorarazi dute eraikin zaharra dela Arabako Mendialdeko aterpetxearena; hain zuzen ere, 60. hamarkadan egindakoa da. Horren harira, azaldu dute hegoaldera ematen duen horma izan ezik gainerakoek bistako adreilua dutela, eta konponketarik egin ez denez, "behar handia" dutela.

Aldi berean, gogorarazi dute pasa den urtean eraikina berotzeko pellet bidezko sistema jarri bazen ere, hormetatik "bero asko" galtzen dela. Hori dela eta, estaldura berria jarriko dute adreilua duten hormetan. Hegoaldekoa, berriz, barrutik isolatu egingo dela jakinarazi dute, eta kanpoaldea, koloretsu margotu. Berritze lan horien bidez energia gehiago aurreztu ahal izango dutela uste dute udaletxean.

Hilabete itxita

Esan bezala, lau hilabetez luzatuko dira lanak. Hasiera batean, kanpoaldeko lanak egingo dira, aterpetxea funtzionamenduan egongo delako. Abuztuaren 15etik irailaren 14ra bitartean zerbitzua eten egingo da, hegoaldeko horma barrutik isolatzeko obrak egin ahal izateko.

Bestalde, lanak kontratatzeko deitutako baldintza-agirietan bi hobekuntza proposatu du Bernedoko Udalak: jantokiko eta portxeko sabaiak jaistea. Kontratuaren aurrekontuari dagokionez, 189.000 eurokoa da.
Obra egitean interesa duten enpresek apirilaren 18ra arte dute proposamenak aurkezteko epea, udaletxean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide