Entzian hilik agertutako animaliak pozoituak izan zirela uste dute

Mirian Biteri 2016ko ots. 24a, 10:08

Ekologistak Martxan elkarteak jakinarazi du otsailaren 20an lepazuri eta azeri bana hilik agertu zirela iturrietako basetxetik gertu. Pozoitutako jakiak jan ostean hil zirela salatu dute ekologistek.

Ekologistak Martxan elkarteak asteon salatu du Entzian, Kontserbazio Bereziko Eremu barruan, pozoia jartzen omen dabiltzala. Azaldu du joan den otsailaren 20an, mendizale batek lepazuri eta azeri bana hilik topatu zituela errepide bazterrean, Iturrietako basetxetik hurbil. Gaineratu du mendizale horren txakurra ere hilzorian egon zela, lepazuri ondoan topatutako okela zatia jan ostean.   

Ekologista Martxanetik adierazi dute hilik aurkitutako bi animaliak Martiodako Faunaren Suspertegira eraman dituztela, gorputzak aztertuak izan daitezen. Izan ere, pozoitutako jakiak jan ostean hil zirela uste dute ekologistek. Horren gainean, honakoa salatu dute: "Legez kanpokoa bada ere, pozoia erabiltzen dihardute oraindik harrapakariak desagerratazteko eta nekazari-izurriteak kontrolatzeko". Esandako animaliak ehiza-barrutia pribatuak agertu izan direla, eta hortaz, gertatutakoa argitu bitartean, ehiza-barrutia itxi dezatela eskatu dute.

Ehiza-barrutietan

Horrez gain, Arabako Diputazioari gertatutakoari buruzko ikerketa abian jarri dezala, eta Arabako ehiza-barrutietan pozoia erabiltzearen kontrako programa martxan jarri dezala ere eskatu dio.

Esan bezala, laster heldu da Foru Aldundiaren erantzuna. Jakinarazi du dagoeneko ikertzen ari direla zerk eragin ote zuen animalien heriotza. Horren harira, iragarri du Diputazioaren menpe dagoen Martiodako Faunaren Suspertegiko teknikariek dagoeneko animaliak aztertu dituztela, eta pozoitzea izan dela uste dutela. Ehiza Baliabideak Ikertzeko Erakundera eraman dituzte esandako animalien gorputzak, susmo hori berretsi dezaten.

"Jarrera tinkoa"

Gaineratu du pozoitzea izan dela berresten bada, Arabako Foru Aldundiak fiskaltzari, miñoiei eta Ertzaintzari igorriko dizkiela txosten guztiak, dagozkion eginbideak egin eta neurriak ezar daitezen. Horrekin batera, Diputazioak ohartarazi du "jarrera tinkoa" agertuko duela horrelako jokabideen aurrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago