Bidean da Korresko gaztelua kultura-ondasun izendatzeko ebazpena

Mirian Biteri 2016ko ots. 19a, 09:00

Mendialdean zain daude Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak izendapena behin betiko noiz argitaratuko duen. Egun batetik bestera jakinaraziko da Korresko gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin sailkatutako kultura-ondasun izendatu dutela.

Pasa den abenduaren 18an, Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailak Korresko gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin sailkatutako kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera emateko ebazpena hartu zuen. Urtarrilaren 11n, horren berri eman zuen agintaritzaren aldizkarian, espedientea hogei egunez jendaurrean jarriz. Dagoeneko itxi egin da epe hori, eta hortaz, edozein momentutan helduko da esandako ebazpena.

Erakundeen inplikazioa

Baina, zelan eragingo dio ebazpen horrek gazteluaren egoerari? Korresen kezkatuta daude gaiarekin. Pozik daude izendapenarekin, baina, aldi berean, ohartarazi dute ez dela nahikoa paper batean jasota egotearekin eta beharrezkoa dela neurriak hartzea: "Gazteluari paperean babesa ematen badiote baina gero ez badute neurririk hartzen, harriak berdin-berdin eroriko dira", ohartarazi zuen orain dela urtebete bertako biztanle Gustavo Valentziak. Horren aurrean, iragarri dute aurrerantzean lan egiten jarraituko dutela inplikatutako erakundeek neurriak har ditzaten.

Hogei herritar baino ez dira bizi gaur egun Korresen, Izkiko parke naturalean biztanleak dituen herri bakarrean. Biztanle gutxi dira baina tematiak, urteak baitaramatzate lanean babesgabe dagoen bertako ondare nagusietakoa desagertu ez dadin."Oinarriak husten ari dira eta harresietako bat erortzeko arriskuan dago", ohartarazi zuen Valentziak.

Behin eta berriz egin diote eskaera Aldundiari herritarrek eta tokian-tokiko instituzioek, gaztelua presuntzio arkeologikoko zonalde izendatu dezaten. Pasa den agintaldiko Batzar Nagusietako ordezkariek gaztelura egindako bisita eta sinadura bilketa baten bitartez lortutako 500 babesekin, Diputazioak Jaurlaritzari eskaera egitea lortu zuten, azkenik, joan den urtean.

Gotorleku garrantzitsua

Izendapenak egiteaz arduratzen diren teknikariek gaztelua bisitatu eta aztertu ostean, ebazpena dator orain. Horrek dio aztarnategian oraindik arkeologia ikerketa landa-lanik egin ez bada ere, gainazalean dauden hondakin garrantzitsuak (egiturak zein materialak) ikusita, "begi-bistakoa" dela interes nabarmena duela Goi Erdi Aroko era horretako kokagunean ezagutzeko. Gaineratu du egituren sakabanaketagatik, pentsa daitekeela gotorleku garrantzitsu baten babespean edo oinean eratutako "populatze-toki" baten aurrean gaudela. Ikusteko dago orain gazteluaren ondarea berreskuratzen duten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide