Zer asmorekin antolatu duzue tailerra?
Mendialdeko emakumeen presentzia alor guztietan areagotzea eta gure arteko harremanak sendotzea bilatzen dugu. Kanpotik datozen mugak arbuiatzea eta horiek barik aurrera ateratzeko gai izatea lortu behar dugu; horretarako beharrezkoa da muga horiek zeintzuk diren jakitea. Besteak beste, horixe jorratuko dugu larunbatean.
Nolakoa izango da?
Emaginek elkarteak emango du; eta gure ustez, oso metodologia aproposa erabiltzen dute: arina eta dinamikoa izateaz gain, gure barneko emozioak ateratzea ahalbidetzen du. Azalpenak emateaz gain, alde praktikoa ere jorratzen dute.
Nori dago zuzenduta tailerra?
Edozein emakumek hartu dezake parte. Interesa dutenek Arraia-Maeztuko udaletxean eman behar dute izena. Nabarmendu beharra dago plaza kopurua mugatua dela; gehienez, 20 lagunentzako tokia dago.
Oker ez banago, ez da lehen aldia horrelako tailerra gertatzen duzuela, ezta?
Hala da. Bigarrenez antolatu dugu; 2014. urtean egin genuen lehena, Arraia-Maeztun bertan. Udalak emakumeentzako diru laguntza zuen aurreikusita, eta tailerra antolatzea erabaki nuen. Esan beharra dago, Arraia-Maeztun egiten badugu ere, Mendialdea osoan egiten dugula lan. Esaterako, Kanpezuko Udalarekin ere harremana dugu.
Lamingorriak emakumeen elkartea. Noiztik martxan?
Orain dela lau bat urte edo; Arraia-Maeztuko emakumeak biltzen hasi ginenean. Gure eskubideak eta presentzia sustatzeko eta eskualdeari aire berriak emateko asmoz hasi ginen lan egiten. Gaur egun, hamabi bat emakumek osatzen dugu taldea.
Tailerraz gain, bestelako ekintzak egiten dituzue...
Hala da. Orain arte askotariko ekimenak egin ditugu. Tartean, eraso sexistei aurre egiteko protokoloa atera dugu. Azkenaldian, horrekin lotutako hainbat gertaera izan dira Mendialdean; batzuetan, jarrera horiek "naturalak" bezala izango balira bezala hartzen ditugu; eta ez da horrela, erasoak dira. Horiek ezagutaraztea eta nola erantzun jakitea beharrezkoa da, eta horregatik, protokoloa. Horrez gain, Kanpezun izandako beste eraso larri baten harira, whatsapp taldea osatu genuen, eta oso baliogarria izan da.
Egun berezietan ere ekimenak antolatzen dituzue.
Bai, martxoaren 8an eta azaroaren 25ean. Eta Kanpezuko San Isidron, Isidra Eguna ere antolatzen dugu. Horrez gain, urtero afaria egiten dugu; 60 emakume inguru batzen gara. Kontzientziazio kanpainak ere egiten ditugu. Orain urteko plangintza egiten gabiltza.