Mendialdea, asto gainean

Itsaso Estarrona 2016ko urt. 22a, 08:26
Argazkilaria: Bizipoza Tours

Arabako Mendialdea Momo eta Djangoren gurdian ezagutzeko paseoak eskaintzen hasi da Bizipoza Tours ekimeneko Phil Miller eskoziarra; Vasco-navarro tren ohiaren bidea da ibilbideetako bat. 

 

Eskoziatik Euskal Herrira etorri zen 1998an Phil Miller, eta Arabako Mendialdeaz "maiteminduta", Elortza herrian bizi da duela hamahiru urte. Bertan sortu zuen Bizipoza Tours agentzia 2009an, mundu osoko bidaiariei haien neurrira prestatutako arreta eta esperientziak eskaintzeko. 

Eskuzabal, hasiera batean doan hartzen zituen bidaiariak etxean,  Couchsurfing komunitatearen bidez, baina txantxetan laburbiltzen duen moduan, "bisitariei asko gustatzen zaie ardoa, eta gutxienez gastuak kubritu ahal izateko" sortu zuen Bizipoza Tours.

 

 

Mundu osotik iritsitako bidaiariak iristen dira bere etxera. Europatik bakarrik ez, "baita leku exotikoagoetatik ere": Taiwan, Japon, Australia, Zelanda Berria eta Rusia, besteak beste. Horiekin gida lanak egiten ditu Phill Millerrek, Araba eta euskal kultura ezagutarazteko: "Atzerritarra naizenez, hemengoak zaretenontzat arruntak diren gauzen berezitasunaz jabetzen naiz, eta bisitarientzat zubi lana egiten dut, haien kultura eta hemengoaren artean". 

Zenbaezinak dira Elortzatik abiatuta antolatu dituen txangoak, bai Mendialdean (Izkin kasu), bai Arabako beste bazter batzuetan (Arabako Errioxa), baita Euskal Herrian zehar ere (Baztan, Bardeak...).  Orain, ekimen berria jarri du abian: Asto Txango iniziatiba. 

Bi asto ditu Philek. Lehenengoa 2014ko ekainean oparitu zion Aletxako auzokide batek. Momo du izena, Michael Ende idazlearen eleberriaren protagonistaren omenez. Philek, baina, laster jakin izan zuen bakardadeak min handia egiten diela astoei, eta bikotea ekarri zion 2015ean, Django, Maeztuko herritar batek oparituta.

Etxean ostatua hartzen zutenekin txangoak egiten hasi zen, eta ibilaldi horien "onurez" jabetzen hasi: "Harrigarria da asto gainean zoazenean nola aldatzen den zure txipa eta ingurukoena; jarrera lasaitzen laguntzen du nolabait, eta asko disfrutatzen da".

Gainean ala gurdian

Familia edo lagun talde oso bat paseoan eraman ahal izateko, aurten gurdi berria eraiki du bere eskuekin, eta honezkero hasi da txangoak egiten: Elortzako basoa, Maeztura bidea eta Vasco-navarro tren ohiaren ibilbidea dira egiten dituen txangoetako batzuk

Urrutiagora ere iritsi daiteke: azaroan Elortzatik Bermeora joan zen Ardoa eta Arrainaren GR38 ibilbidetik, bederatzi eguneko bidaian, eta esperientzia errepikatu nahi du beste nonbaitera joanda. Udan, asmoa du astoekin Meaztuko piszinen atean jartzeko, Asto Txango iniziatibaren berri eman eta paseoak eskaintzeko.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide