Ertzaintzak 57 urteko gizon bat atxilotu du bart gauerdian Dulantzin, homizidio saiakera delitu bat egotzita. Gertakariak 00:14 inguruan izan dira Solandia parkean, norbaitek Ertzaintzari jakinarazi dionean gizon bat konorterik gabe zegoela ibaiaren ertzean. Bertaratutako agenteek lau metro inguruko altuerako horma baten azpian aurkitu dute biktima, 45 urteko gizonezkoa, kolpe ugari eta buruan odoletan zegoen zauri bat zituela.
Lekukoen testigantzei esker, Ertzaintzak jakin du bi gizonen arteko eztabaida baten ondoren gertatu dela. Momentu batean, erasotzaileak hanketatik heldu eta hesiaren gainetik ibaira bota du biktima, eta handik ihes egin du. Osasun langileak iritsi bitartean, bertaratutako ertzainek eman diote lehen laguntza zaurituari, eta ondoren Txagorritxu ospitalera eraman dute larri.
Ertzaintzak handik gutxira aurkitu du ustezko erasotzailea, gertakariak izandako lekutik gertu zegoen auto batean. Aurretik ere beste atxiloketa bat duen 57 urteko gizona atxilotu egin dute eta polizia etxera eraman dute; bertan jarraituko du epailearen esku utzi arte.