Argazkiak: PHOT.OK
Aguraingo erdigunea bete dute milaka lagunek nekazaritza eta abeltzaintza azoka historikoaren 631. edizioan. Azoka zirimiriarekin hasi da, baina goizak aurrera egin ahala hodeiek bidea utzi diote goiz oskarbiari, eta Euskal Herriko lehen sektorearen eta artisautzako produktuen erakusleiho bihurtu da aurten ere Agurain.
Goizeko lehen orduan, Amalur Arabako VII. Motozerra bidezko tailla lehiaketa izan da, Santa Maria eliza ondoan; eta 11:00etan hasi da eguneko ekitaldi protagonista: Euskadiko zaldi-aziendaren XVII. lehiaketa morfologikoa. Halaber, behi, txerri, ahuntz eta ardi-azienden erakusketa eta merkataritzako makineriaren erakusketa izan dira goizean zehar.
Arratsaldeko lehen orduan, Arabako Artzain Gazten XL. Lehiaketaren sariak banatu dira. Aurtengo irabazlea Larreako Patxi Lopez de Uralde izan da. Bigarren postua Ilarduiako La Lezek lortu du; hirugarrena, Araiako Aixtrak; laugarrena, Araiako Unai Lekuonak; bosgarrena, Done Bikendi Haraneko Josu San Vicentek; eta seigarrena, Legutioko Bostibaietak.
Artisautza, gastronomia eta produktu tipikoen erakusketa eta salmentarekin osatu da jardunaldia, non bertako ekoizleak eta artisauak bildu diren. Hestebeteak, eztia, euskal pastelak, onddoak eta likoreak, zeramika, larrua edo bitxitegia postuek girotu eta bizitu dute Aguraingo erdigunea.