Aguraingo Osasun Mentaleko XIV. Jardunaldiak egingo dituzte 2026ko irailaren 10etik aurrera Harresi aretoan. Helburu nagusia "gaixotasun mentalen inguruko estigma apurtzea" eta herritarrak sentsibilizatzea da, hainbat ikuspuntu profesional zein pertsonal jorratuz. Saioetan teknologia berriek, errearen sindromeak eta artearen onura terapeutikoek osasunean duten eragina aztertuko dute aditu desberdinek.
Gainera, programari amaiera emateko, Tierra de sombras antzezlana ikusi ahal izango da, irailaren 30ean, sormena eta buru osasuna lotzen dituen ikuskizuna.
Hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea egin dute jardunaldi hauek eta Arabako Foru Aldundiaren saria jaso dute gizarte zerbitzuetan egiten duten lan onarengatik. Antolatzaileek "informazioa zabaltzeko eta mitoak alde batera uzteko" espazio ireki bat eskaintzen diote gizarte osoari.
Hona hemen Aguraingo Osasun Mentaleko XIV. Jardunaldien egitaraua:
- Irailak 10. Teknologien eragina osasun mentalean. Parte hartzaileak: Telmo Lazkano Muga (hezitzailea, aholkularia, dibulgatzailea eta hezkuntza ikertzailea). Saioan zehar testigantza bat ere izango da.
- Irailak 17. Burnout: errearen sindromea hezkuntza eremuan. Parte hartzaileak: Nuria Sorli Moure (Aprendiza taldean burnout-en espezializatutako psikologoa) eta Andere Varona Rola (Lope de Larrea Ikastolako hezitzailea, hezkuntza zentroetako errealitateari buruzko testigantza ematen)
- Irailak 24. Arteak sendatzen du. Parte hartzailea: Pablo Ortiz de Zarate (arte hezitzailea, arteak egoera txarrak gainditzen nola laguntzen duen eta osasun mentalerako dituen onurak aztertzen).
- Irailak 30 (Amaiera ekitaldia). Antzezlana: Tierra de sombras antzezlana, gaixotasun gisa etiketatutako egoera mentalen eta diziplina artistikoen arteko lotura zuzeneko musikarekin aztertzen duena. Espacio Espiral antzerki konpainia.