Hondakinen gaikako bilketa hobetzeko helburuarekin, bereziki materia organikoarena, edukiontzi marroi guztietara zabalduko da txartel bidezko irekiera sistema Agurainen. Aurretik, sistema berri honen xehetasunen berri emango zaie herritar guztiei. Horretarako, udalerriko etxebizitza eta lokal komertzial guztiak bisitatzeaz gain, batzar irekia deitu du udalak, irailaren 9an, Manu Yanke aretoan.
Edukiontziak irekitzeko txartel berriak eskuratzeko, iraileko bigarren astetik aurrera etxebizitza eta denda guztiak bisitatuko dira eta orduan banatuko dira.
Txartel bidezko irekiera sistema hau dagoeneko martxan dago materia organikoko sei edukiontzi marroitan. Hemendik aurrera, materia organikoaren edukiontzi guztietara zabalduko da, eta borondatezkoa izango da erabilera. Udaletik azaldu dutenez, azken helburua "hondakinen bilketaren kalitatea hobetzea da, bereziki materia organikoarena, Asparrenean hondakin organikoak tratatzeko planta berri bat martxan jarri ondoren".
Aguraingo Udalak hitzaldietara joateko eta erronka berri honetan aktiboki parte hartzeko deia egin die herritarrei, "Agurain ingurumenarekiko are arduratsuagoa izango baita".