Lurra, harria eta gorputza elkartuko dira berriz

Anakoz Amenabar

Iazko arrakastaren ostean, berriz aurkeztuko dute 'Harriaren arima'. Argazkia: PANTA RHEI

‘Harriaren arima’ taularatuko dute, Paco San Miguelen omenez.

Badaude leku batzuk ikusi bakarrik ez, bizi egiten direnak. Isinohana da esperientzia horietako bat eskaintzen duena, Egileorren ezkutatzen den eskultura lorategi ederrean. Iaz izan zuten harrera bikainaren ondoren, Paco San Miguel eskultoreak eta Panta Rhei antzerki konpainiak berriz elkartzea erabaki dute, eta Harriaren arima proiektua berriro aurkeztuko dute. Irailaren 9, 10, 11 eta 12an, 19:00etan, Isinohana sorkuntza garaikideko agertoki bizi bihurtuko da ostera ere, natura eta arte bizien arteko muga guztiak gaindituta.

Edizio berri honek esanahi berezia du aurten, lorategi-museoak 40. urteurrena ospatzen baitu. Lau hamarkada hauetan, Paco San Miguelek paraje natural hau eskultura eta harriaren lanean murgildutako erreferente kultural bihurtu du lurraldean. Diziplinarteko eta belaunaldien arteko egoitza bat garatu ondoren, Harriaren arima 2025ean jaio zen, baina denboran zein dramaturgian garatu egin da, eta sormen laborategi berri bat sortu da dantzaren eta eszenaren bidez.

Egitasmo berriak ibilbide performatibo bat planteatzen du, non dramaturgia, espazioarekiko harremana eta dantza garaikidea harriarekin etengabeko harremanean hedatzen diren, antzerki konpainiako kideek azaldu dutenez. Talde txikietan antolatu dituzte emanaldiak; gehienez, 80 lagun izango dira saio bakoitzean, modu horretan ikusleek gertutik bizi ahal izateko esperientzia. Proposamenak eskulturen artean ibilbide gidatua egitera gonbidatzen du ikuslea. "Bertan, lanak ontzi sinboliko gisa berriro definitzen dira, memoria zein elkarrekin erlazionatzeko eta mundua bizitzeko modua interpretatzeko esparru bat eskainiz".

San Miguelen tailerrean

Ibilbidea ez da esku hartze performatiboarekin amaitzen. Lorategiko bisitaldia bukatzean, bertaratzen direnek espazioa libreki esploratu eta Paco San Miguelen tailerrean sartzeko aukera izango dute. Bisita gidatuei esker, ikusleek gertutik ezagutu ahal izango dituzte artista, haren lanabesak, materiarekin lan egiteko prozesua eta hamarkada hauetako sorkuntza biltzen duen artxiboa. Proposamen hau bizirik dagoen bitartean egindako omenaldi gisa ulertzen dute, Panta Rheiren hitzetan: "Harria berezko hizkuntza gisa lantzen duen sortzaile baten ibilbidea eta ondarearen garrantzia aitortzen ditu saio honek, Isinohana ikusleekiko topagune bilakatuz".

Harriaren arima diziplinarteko elkarlanaren emaitza da. Panta Rhei antzerki konpainiak sortua, proiektuak Mataroko Dans Invitro konpainia gaztearen lankidetza du, eta baita Zaragozako Enacción Danzaren parte hartzea ere, Arabako Aldundia eta Vital Fundazioaren babesarekin. "Belaunaldien, diziplinen eta lurraldeen arteko gurutzaketa honek lanaren komunitate eta ondare dimentsioa sendotzen du, espazioarentzat topaketarako esparru bat eskainiz". Sarrerak Panta Rhei taldearen webgunean eskuratu daitezke.

Natura eta mitologia

Paco San Miguel eskultore arabarrak hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik darama natura eta tradizio mitologikoan sakon errotutako obra garatzen. Autodidakta da, Italia eta Jugoslavia zaharreko arte eta lanbide eskoletan trebatua, eta bere eskultura lengoaia propioa eratu du marmolez, alabastroz eta harriz adierazia. "Isinohana, bere espazio tailerra, sormenezko santutegi bat da, non obrak ingurune naturalarekin modu organikoan hitz egiten duen". Eta proiektua San Miguelen obra eta pentsamenduari omenaldi bizi gisa planteatzen dute, haren presentzia indartuz hainbat diziplina artistikorekin: dramaturgia, dantza, kantua, musika, gaueko argiztapena eta arte performatiboak. "Emaitza narratiba berri bat da, garaikidea, euskal harriaren eta paisaiaren arima ospatzen duena, kosmobisio naturalista eta matriarkal batean oinarrituta, Barandiaranen Etxe kontzeptua ardatz".

Omenaldi hau hiru ardatzen inguruan egituratzen dute: lurraldea eta nortasuna uztartzea, tradizioa zein garaikidetasuna lotzea, eta diziplinen arteko elkarrizketa sustatzea. Proposamenak lau saio ditu, eta publikoak modu aktiboan parte hartzen du lorategiko eskultura eta espazioetatik igarotzen den ibilbidean. Pieza bakoitzaren argiztapen espezifikoak eta soinu-atmosferek dramaturgia indartzen dute. "Estetika bat baino gehiago, Harriaren arimak erritual parte hartzailea planteatzen du. Antzerkia hautemateko modua eraldatzen du, dimentsio berria gehituz sorkuntza prozesuari". Arabako eskultore garrantzitsuenetako baten ibilbidea aitortzeko aukera da, haren lana Arabako paisaia kulturalaren funtsezko zati gisa sendotuz. 

Topaketa honek, azpimarratu dutenez, San Miguelen ibilbidearen aberastasuna berresten du. Haren lana egungo begiradaren sentsibilitateetatik berrinterpretatu dute, eta proposamen garaikide bat sortu, "etorkizunera proiektatzeko". Isinohanan aurkeztuko duten esperientzia berezi honek sorkuntza garaikidearen, naturaren eta euskal ondarearen arteko lotura sakona ospatuko du berriz ere. Hilaren 9tik 12ra bitartean, Egileorren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago