Dulantzi, Añua, Gazeta, Burgu eta Argomaiz kolektore berri batekin lotzeko proiektua aurkeztu dute instituzioek. Orotara, aldundiak eta URAk gaur aurkeztu duten esku hartzeak 8,8 milioi euroko inbertsioa izango du. Funtsean, bost kolektore nagusi eraikiko dituzte, herriguneetako hondakin urak sare orokorrera bideratzeko, bai eta beste hainbat azpiegitura osagarri ere. Adibidez, Burgun ekaitz tanga bat paratuko dute, euri asko egiten duenean ura pilatu eta erregulatzeko Aurreikuspenen arabera, lanek bi urteko iraupena izango dute, eta etorkizunean inguruko beste herri batzuk ere sare berean integratzeko aukera emango dute.
Azpiegitura berriak gaur egun udalerri batzuetan dauden hobi septikoak eta tamaina txikiko araztegiak pixkanaka ordezkatuko ditu. Horrela, sistema "bateratuago" eta "eraginkorrago" bat sortuko da, isurien kontrol hobea bermatuz eta eskualdeko ibai eta ur masen ingurumen egoera hobetzen lagunduz.
"Helburua da gaur egungo saneamendu sistema modernizatzea, zaharkituta geratu diren instalazioak ordezkatzea eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko prest dagoen sare sendoago bat eraikitzea", adierazi du aldundiak ohar batean. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiaren arabera, proiektua "estrategikoa" da eskualdearen etorkizunerako. Azpimarratu du inbertsioak isurien kudeaketa hobetuko duela, ibaiak eta ekosistemak babesten lagunduko duela eta, aldi berean, Dulantziko etxebizitza eta industria lurzoruaren "garapenerako aukerak erraztuko" dituela.