Droneak nekazaritzan erabiltzeko probak egin dituzte Iturrietan

Anakoz Amenabar 2026ko irailaren 2a

Neikerrek Iturrietan duen lursailean egin dute saioa droneekin. Argazkia: IREKIA

Neikerrek eta UAGAk saiakuntza esperimentalak egin dituzte, etorkizuneko tratamendu fitosanitarioak ahalbidetzeko.

Neiker teknologia zentroak nekazaritza sektorea bildu du gaur goizean Iturrietako bere lursailean azken berrikuntza teknologikoak aurkezteko, zehazki, hazitarako patataren laborantzari aplikatutakoak. Topaketaren ardatz nagusietako bat droneen erabilerari buruzko erakustaldi praktikoa izan da, teknologia honek etorkizuneko nekazaritza kudeaketan eta tresna agronomiko berrien ebaluazioan izan dezakeen ahalmena erakusteko.

Erakustaldia Dronsafe proiektuaren esparruan kokatzen da, Neikerrek eta UAGAk parte hartzen duten ekimenean. Gaur egun egindako saiakuntzek izaera esperimentala dute, debekatuta baitago produktu fitosanitarioak drone bidez zabaltzea; horregatik, azterketa hauen helburua da tratatutako eremuetatik kanpoko produktuen sakabanatzea, eraginkortasuna eta aplikazio mota honek dituen inplikazio guztiak neurtzea.

Teknologia honen txertaketaren helburu nagusia nekazaritza sektorearen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzea da, azaldu dutenez. Zehazki, droneen bidezko lanek tratamendu fitosanitarioetan langileek duten esposizio maila murriztea eta aplikazioen zehaztasuna handitzea dute helburu. Edurne Basterra UAGAko presidenteak azaldu bezala, proba hauetan jasotako datuak funtsezkoak izango dira pertsonengan eta ingurunean egon daitezkeen eraginak baloratzeko metodologiak ezartzeko eta aplikazioak zein baldintza segurutan egin daitezkeen zehazteko. 

Egungo araudiak ez du uzten droneak erabiltzen produktu fitosanitarioen aplikaziorako. Argazkia: IREKIA

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago