Garaion Sorginguneak eta Ehazek indarrak bildu dituzte berriro ere Antzerkizale Feministen Iluntzeko Topaketa antolatzeko. Irailaren 11ko 20:30etik irailaren 12ko 12:30era bitartean ospatuko da topaketa Ozetan, emakumeei eta genero disidenteei zuzenduta. Egitarau laburra baina mamitsua prestatu dutela azaldu dute, "gozamen, hausnarketa eta elkar ezagutzarako giroa bultzatuz", eta parte hartzaileek bizipenak konpartitu zein etorkizuneko topaguneak irudikatu ahalko dituzte solasaldiotan.
Ekimen honen sustraiak Eneritz Artetxe aktoreak 2018an egindako ikerketan daude, emakumeek euskarazko antzerki sorkuntzan duten presentzia aztertu zuen lanean. Ikerketatik sortutako Karanbola hirukoitza liburuak eta ondorengo Maringuruak hitzaldi musikatu-poetiko performatiboak argi utzi zuten, antolatzaileek gogoratu dutenez, antzerkilari eta zale feministak saretzeko espazioen beharra zegoela. "Behar horri erantzunez jaio ziren 2022 eta 2023ko edizioak, eta bide berari jarraipena ematera dator aurtengo topaketa".
Topaketen egitaraua irailaren 11ko 20:30ean abiatuko da afari feminista batekin, eta ondoren Ane Gebara ipuin kontalariaren gaubela berezia egongo da. Irailaren 12an, 9:00etan gosalduta, 10:00etatik 12:30era bitarteko goizeko saioarekin emango zaio amaiera elkarretaratzeari. Izena emateko azken eguna irailaren 7a da ehaze@ehaze.eus helbidean edo +34 722 898 795 telefonoan.
Topaketen aurretik, Gasteizko Baratza aretoak saio berezi bat antolatu du irailaren 11n bertan, 17:00etatik 20:00etara. Norma Vazquezen laguntzaz, espazio eszenikoetan gertatzen diren indarkeriak identifikatzeko formakuntza jasoko dute, ingurune seguru batean bizipenak eta pentsamenduak partekatzeko. Jarduera hau doakoa da eta emakume zein genero disidenteei irekita dago; izen-ematea aldez aurretik egin behar da info@salabaratza.com helbidean.