Duela bi aste iragarri zuen aldundiak Araiako Umore Antzerkiaren jaialdiak Arabako 21 herritara eramango duela kale antzerkia, "kultura deszentralizatzeko konpromiso sendoari eutsiz". Herriz herriko programazioa aztertuta, ez da euskarazko emanaldi bakar bat ere programatu jaialdi ibiltari osoan.
Jaialdia astelehen honetan hasi da, abuztuaren 3an, Eltziegon. 22 ikuskizun programatu dituzte jaialdi ibiltarian, bat ere ez euskaraz. Gaztelaniaz izango dira 19 ikuskizun, eta beste hiruetan ez da hitzik izango. EH Bildu alderdiak egoera salatu du Batzar Nagusietan, eta gaitzetsi euskaraz bizi nahi duten herritarrek ez dutela "aukera izango euren hizkuntzan kultur eskaintzaz gozatzeko".
Bost konpainiaren antzezlanak ikusteko aukera izango da Arabako herrietan, abuztuaren 3tik irailaren 11ra arte. Horietako lauk gazteleraz egingo dituzte emanaldi guztiak, eta bosgarrenak hitzik gabeko bost ikuskizun eskainiko ditu Lautadan eta Arabako Errioxan.
Koalizio abertzaleko kideek salatu dute aldundiak "kultura deszentralizatzeko" asmoa erakutsi duela, baina konpromiso hori ez duela hizkuntza eskubideetara zabaldu. EH Bilduko batzarkide taldeak agerraldia eskaera egin du Batzar Nagusietan. Aldundiari leporatu diote "euskal hiztunen eskubideak urratu" izana, eta azalpenak eskatu dizkiote Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza saileko diputatuari, Iñaki Gurtubairi.
Zehazki hiru galdera luzatu dituzte, diputatuak erantzun ditzan: Ea zein balorazio egiten duen egitarauko euskararen hutsineaz, zergatik ez duen neurririk hartu egoera hori saihesteko, eta aurrerantzean zer konpromiso hartuko dituen halakorik gerta ez dadin. Udako etenaldi instituzionala dela eta, diputatuak urriko osoko bilkuran erantzun beharko die aipatutako galderei.