Araiako Umore Antzerki Jaialdiak 33. edizioa ospatuko du abuztuaren 13tik 16ra bitartean, kaleko zein aretoko proposamen ugarirekin. Aurten hamar konpainia bilduko ditu jaialdiak Arrazpi Berri kiroldegian, baina ohi bezala, egitasmoa ez da Araian soilik geratuko, eta lurralde osora zabalduko da zirkuitu ibiltariari esker. Hala, abuztuaren 3tik irailaren 11ra bitartean, beste 21 herritara iritsiko dira kaleko bost ikuskizun.
Aurtengo ikuskizun nagusien artean, Espainiako antzerki panoramako talderik ezagunenetako bat dago: Ron Lala konpainia madrildarra. Talde honek abuztuaren 16an aurkeztuko du La Desconquista lana, umorea, satira historikoa eta zuzeneko musika uztartzen dituen abentura zoroa. Halaber, abuztuaren 14an, La Cuerda Teatroak eta Ttipia kultura taldeak Las Reinas kanpina obra eskainiko dute, euskaraz, Maider Lekunberri, Maitane Perez eta Olatz Beobide aktoreen eskutik; umore beltzaren eta kritika sozialaren bidez oporretako askatasunari eta botere dinamikei buruzko hausnarketa bultzatuko duena;.
Hitzordu horiez gain, iaz eguraldi txarragatik bertan behera geratu ostean, jaialdiak Edu Manazas malabaristaren Meraki zirku garaikideko ikuskizunaren itzulera izango da. Gainera, konpainia honek familientzako zirku tailerra eskainiko du abuztuaren 14ko goizean.
Programazio osoaren aurkezpen ofiziala datorren uztailaren 23an egingo dute, edizio honen xehetasun eta jarduera guztiak ezagutzera emateko.