Lehen asteburuko kontzertuaren ostean, Jazzherrian jaialdiak beste bost emanaldi ditu prest uztaileko asteburuetarako. Aguraingo Udalak eta XabiGune kultur elkarteak antolatuta, musika beltzaren zein rockaren proposamen indartsuenak helduko dira herriko hainbat plazatara.
Asteburu honetan bertan ekingo dio berriro jaialdiak egitarauari, bi hitzordu indartsurekin. Alde batetik, uztailaren 10ean, 19:30ean, Getxoko Angry Lovers laukote eskarmentudunak bere funk, soul, R&B eta jazz groove dantzagarria plazaratuko du Dos Caños plazan. Bestetik, uztailaren 11n, 19:30ean, Burgosko Mario Andreu Trio taldeak rock, country eta blues doinuak eramango ditu Urbasa plazara, AEBetako Nashvillen disko berria grabatu aurretik egiten ari den biraren barruan.
Hurrengo asteburuan ere musika estilo ezberdinek hartuko dituzte Aguraingo kaleak. Uztailaren 17an, Bilboko Ibai Garcia Blues Project boskote indartsuak Chasing the blues bere lehen lana aurkeztuko du Dulantzi plazan. Biharamunean, uztailaren 18an, hau ere 19:30ean, Los Brazos taldeko William, Koki eta Txemi bilbotarrak zuzeneko eta gertuko formatuan arituko dira Santa Maria Plazan, rock & rollaren klasiko handien bertsioak modu garbi eta artifiziorik gabean eskaintzeko.
Jaialdiari amaiera emateko, uztailaren 24an Bilboko Crazy Jumpers taldeak denbora makina bat martxan jarriko du San Juan olazan. Eszenako musikari beteranoek eta Lore abeslari karismatikoak osatutako banda honek 40 eta 50eko hamarkadetako blues, swing, rock & roll eta rockabilly erritmoekin emango dio amaiera edizio honi.