Arabako Basozain Elkartetik gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu Galarreta eta Gordoako sutean parte hartu duten guztiei. Arabako aldundiak dituen giza baliabideak gutxi dira horrelako larrialdi bati aurre egiteko, eta inguruko lurraldeetatik zein urrutitik etorritako langile horien laguntza ezinbestekoa izan zen baso-sutea kontrolpean hartzeko. Aipamen berezia merezi dute esku-lanabesak hartuta eta eguzkipean orduak eman zituzten langile horiek; izan ere, guk zuzendutako makina astunak iristen ez ziren tokietan, suebakiak eskuz
egin behar izan zituzten.
Horretaz gain, basozainok egindako lan eskerga goraipatu nahi dugu. 130 hektarea inguru kiskali dituen sute hau azken hamarkadako handiena izan da, tamalez. Tximista baten eraginez baso-sutea piztu zela jakin bezain pronto, itzaltze eta zaintza lanetan jardun gara. Asteburuan zehar egindako lan gogorrak ezin izan zuen sutea berpiztea ekidin eta kontrolaezina bilakatu zen. Egunotan, ikerketa lanetan ari gara sutearen nondik norakoak
jakiteko.
Esan beharra dago Arabako Foru Aldundian 38 Basozain bakarrik aritzen garela lanean. Horietatik, 28 soilik dute suteetara joateko eskumena. Hala ere, basozainen artean boluntario taldeak sortu genituen goiz eta arratsaldez sutean laguntzeko. Atseden egunetan zeuden basozainek ere lan egin zuten larrialdia iraun bitartean; maite dugun natura arriskuan zegoela ikusita, gure esku zegoen guztia egin genuen sutea itzal zedin.
Zoritxarrez, jada, ohituta gaude albistegietan gure lanari aipamenik ez egitera. Suteen arloan gure betebehar nagusiena prebentzio lanak proposatzea eta haien jarraipena egitea bada ere, aipatu bezala, sugarrak amatatzen ere aritzen gara.
Nahi baino basozain gutxiago gara, antolakuntza eta formakuntza eskasiarekin; hala ere, basoak zaintzen jarraituko dugu gure onena emanez.
Arabako bazosainak
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.