Transmaribibollo borroka astearen egun handia ospatuko dute ostiralean Agurainen

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 25a

Zokorrak jaialdia ospatu zuten martxoaren 21ean. Argazkia: ZOKORRAK

UDDAren kontzertuak eta aldarrikapen ekintzek emango diote amaiera borroka asteari ekainaren 26an.

Zokorrak elkarteak, Aguraingo LGTBIQA+ mugimenduak eta eskualdeak jai, kultura eta aldarrikapen ekintzez beteriko Transmaribibollo Borroka Astea antolatu dute, kolektiboaren errealitatea ikusarazteko eta berdintasuna zein askatasuna defendatzeko. Ekainaren 19an kartelak egiteko hitzorduarekin eta poteo batekin hasitako egitarauak ekainaren 26an izango du jardunaldi nagusia, "herriko espazioak irekiago eta bidezkoago bihurtzeko helburuarekin".

Ekainaren 26ko egitaraua 17:00etan abiatuko da San Juan plazan, De putivuelta paseoa eta fanzine tailerrarekin. Ondoren, 19:30ean, kontzentrazioa egingo dute plazan, eta jarraian queer poteo musikatua ibiliko da herriko alde zaharrean zehar. "Programa honen bidez, kolektiboaren errealitatea ikusarazi nahi da, eta pertsona guztiak askatasunez, errespetuz eta diren horiek izateko beldurrik gabe bizi ahal izango diren gizarte baterantz aurrera egiten jarraitu".

Egunari amaiera emateko, 22:00etan, UDDA kantari gasteiztarraren zuzenekoa izango da Santa Maria plazan. Maiatzean argitaratutako Non daude gure argiak single berria dakar agertokira. "Kantu hau queer kolektiboaren aldarrikapenetik sortu da; urte luzez itzalean egon den komunitate bati begira. 'Non daude gure argiak?' galderaren bidez, abestiak ikusgarritasuna, espazioa eta harrotasuna aldarrikatzen ditu, denbora luzez itzaltzen saiatu diren argi horiek berriro piztuz". Kontzertuaren ostean, Zokorrak DJen txanda izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago