Aguraingo Udalak ongizatea, inklusioa eta justizia soziala sustatzeko laguntza eskatu dio Hezkuntzari

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 17a

Lautada ikastolan, Lopez de Larrea ikastolan eta Aniturrin garatu nahi dute programa. Argazkia: ALEA

Udalerriko ikastetxeekin elkarlanean diseinatu dute gizarte eta hezkuntza programa bat.

Aguraingo Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu dio udalerriko ikastetxeekin elkarlanean diseinatu den gizarte eta hezkuntza programa bat ezartzea erraztu dezala. Ekimenaren helburua da haur eta nerabeen ongizatea, inklusioa eta justizia soziala sustatuko dituzten politika publikoak garatzea.

Programa prestatzeko, 10 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean diagnostiko bat egin da, eta bertan parte hartu dute Lope De Larrea Ikastolak, Lautada Ikastolak eta Aniturri BHI institutuak. Hala ere, plana garatzeko beharrezkoa den laguntza kontratatzeko prozesuak oztopoak aurkitu ditu, udalaren arabera, Hezkuntza Sailak azken hilabetean bilera egiteko eskaerei erantzun ez dielako.

Horren aurrean, Aguraingo udalbatzak Hezkuntza sailari eskatu dio beharrezko baimena eman dezala zerbitzua abian jartzeko, udalaren eta ikastetxeen arteko lankidetzaren bidez. Era berean, premiazko bilera bat egitea galdegin du, gazte eta nerabeei zuzendutako programa hau martxan jartzea gehiago ez atzeratzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago