Aguraingo adinekoentzako zentro berriaren obrak hasi dituzte

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 8a

Adinekoen zentro berriaren obrak gaur hasi dira. Argazkia: AGURAINGO UDALA

Zuberoa kalean dauden udalaren lokaletan kokatuko da egoitza berria eta urte amaierarako martxan jartzea aurreikusten dute. Udalak hartu du finantzaketa osoa.

Aguraingo Udalak adinekoentzako eguneko arretarako landa zentro berri bat eraikitzeko lanak hasi ditu gaur. Obrak hurrengo lau hilabeteetan egingo dira, 428.230 euroko kostuarekin. Udalak bere gain hartuko du obraren kostu osoa, beste ezein erakundek ez baitu onartu obra finantzatzen laguntzea.

Aguraingo gaurko zentroak hamar plaza ditu, eta asistentzia eta komunitate zentro bat da. Egunean zehar, laguntza zerbitzuak ematen dizkie autonomia maila aldakorra duten adinekoei eguneroko bizitzako jardueretan eta aisialdiko eta denbora libreko jardueretan, etxean bizi kalitate onargarriarekin bizitzen jarrai dezaten. Familia egitura edo laguntza sare bati eusten dioten adinekoak dira.

Aguraingo alkate Raul Lopez de Uraldek adierazi duenez, "espero dugu beheko solairuan eta berdegunez inguratuta egongo den instalazio berrian zerbitzuaren kalitatea nabarmen handitzea". Gainera, azpimarratu du zentro berri horri esker, plazak handitzeko aukera berriak aztertuko dituela udalak, bai zentroan egunez egoteko eta baita jantoki zerbitzuaz soilik baliatzeko ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago