Arabako Lautadako Kuadrillak atzerritar jatorriko pertsonei harrera egiteko I. Harrera Plana onartu du. Helburua da eskualdera iristen diren atzerritar jatorriko pertsonei beharrezko laguntza ematea eta ildo berean eskualdearen garapena bermatu, erronka demografikoari erantzun eta kulturen arteko bizikidetza sustatu.
Proposatutako ekintzen artean, baliabide eleanitzen gida eguneratzea, Harrera Zerbitzua sortzea eta kuadrillako eta udaletako langileak prestatzea daude. Era berean, alkateak buru izango dituzten harrera-saioak sustatuko dira, euskara ikasteko politikak egokituko dira eta Enplegu Zentroaren bidez errotzea bultzatuko da.
Kuadrillako presidente Gustavo Fernandez Villatek adierazi duenez, hainbat eragilek parte hartu dute plana egiteko prozesuan, hala nola Caritasek, Aguraingo, Dulantziko eta Araiako ikastetxeek, IGEek, gizarte, kultura eta berdintasun zerbitzuek, ADSISek (AFAko Idazkaritza Teknikoa), ACCISAk (merkatarien elkartea), Sallurtegi Elkarteak eta Oinez-ek.
Kuadrillak argitu du plana bat datorrela Arabako eta erkidego mailan onartutako harrera ereduarekin, eta Arabako Lautadako errealitate berezira egokitzen dela.