Aguraingo Udalak Eusko Jaurlaritzari lagako dizkio Kale Nagusiko hiru eraikin, alokairu sozialeko zortzi eta hamar etxebizitza artean sortzeko. Eraikinak dagoeneko desjabetuta daude, eta Jaurlaritzak birgaitu eta etxebizitza babestuak eraikitzeko erabiliko ditu.
Etxebizitza eskuragarrirako sarbidearen arazoak larriagotzen ari dira Agurainen, udalak ohartarazi duenez. Etxebideren arabera, 185 herritarrek etxebizitza eskatzen dute, eta %95ek alokairu erregimenean; aldi berean, 167 etxebizitza hutsik daude. Horri aurre egiteko, hainbat neurri hartu ditu udalak, tartean etxebizitza hutsei OHZn ezarritako %50eko errekargua.
Osoko bilkuran, gainera, udalerriko hirigintza araudia berrikustea onartu dute, zenbait lonja etxebizitza babestu bihurtzeko aukera irekitzeko, betiere bizigarritasun baldintzak betez. Tokiko merkataritza babestu behar den eremuetan, ordea, ez da halakorik baimenduko, komertzioa lehenesteko.
Udalak udalerriko hiri lurzoruaren jabe diren erakundeei ere eskatu die lankidetzan aritzeko, etxebizitza eskuragarrien eskaerari erantzun ahal izateko. Raul Lopez de Uralde alkateak adierazi duenez, erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da, eta konpromisoa berretxi du etxebizitza sozialak sortzeko asmoarekin.
Epe laburrean, guztira 87 etxebizitza berri sortzea aurreikusten da. 54 Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako alokairu sozialekoak izango dira, aurten lizitatuko direnak. Horiez gain, Bustamante jauregian gazteentzako hamahiru etxebizitza aurreikusten dira, eta Kale Nagusian hamar etxebizitza berri.