Arabako landa eremuko materia organikoa tratatzeko lehen konpost planta inauguratu dute gaur Asparreneko industrialdean. Proiektua 2024an hasi zen eta 1,6 milioi euro inguruko inbertsioa eskatu du, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatuta. Hasiera batean tokiko industrialdeetako, jatetxeetako eta etxeetako hondakinak kudeatzeko tresna gisa jaio bazen ere, azkar hartu du eskualde izaera.
Hala, gaur bertan sartu da edukiontzi marroiko hondakinekin lehen kamioia, eta Arabako Lautadako Kuadrillak kudeatuko duen planta honek eskualdeko zortzi udalerriei emango die zerbitzua, urtean 12.000 biztanleren 500 tona hondakin organiko tratatuz.
Aurkezpen ekitaldian, Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak harrotasunez azpimarratu du "herri txikiek gauza handiak egiteko duten gaitasuna" eta ingurunea zaintzeko administrazioek duten erantzukizuna. Bestalde, Gustavo Fernandez Villate Arabako Lautadako Kuadrillako presidenteak eskerrak eman dizkio Asparreneko Udalari erakutsitako ausardiagatik. Fernandez Villatek gogorarazi du, etxean konpostatzea sistemarik eraginkorrena den arren, planta honek zerbitzu bikaina emango diela "herrigune handiei eta ekoizle handiei". Gainera, proiektuari esker, bizilagunek emaitzak ikusi ahal izango dituzte, konpostatutako materia nekazaritza lursailetan ongarri gisa erabiliko baita, "egun batean erauzitako bizitza lurrari itzuliz".
Azkenik, azpiegitura berri hau eskualdeko hondakinen kudeaketan egiten ari den aldaketa sakonaren beste pieza garrantzitsu bat dela adierazi dute. Helburu horrekin, Arabako Lautadako Kuadrillak hiri-hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzua berritu du, eta 485 edukiontzi adimendun kontratatu ditu Hondakinen Legeak ezarritako helburuak betetzeko. Ontzi berri horien artean, 132 edukiontzi adimendun materia organikoaren gaikako bilketara bideratuko dira.